Ibai Ruiz amurrioarrak bolada txarra eta luzea gainditu du, eta borroka kirolen lehiaketa ofizialetara itzuliko da azaroan. Amurrioarrak ez du borrokatzen 2019ko otsailetik, eta bidean lesio larriak izan ditu. Esaterako, besoan ebakuntza egin diote, eta norgehiagokak alboratzera eraman du horrek.
"Urte eta erdiaren ostean, debuta egin nuenean baino gogo gehiago ditut borrokatzeko", adierazi du Ruizek.
Gauzak horrela, azaroa gorriz markatu du Ruizek egutegian, 18an Benidormera joko baitu WAKO Spanish Open Kick Boxing lehiaketan parte hartzera. Kirolariaren ustez, aukera ona izango da, nazioarteko proba izango delako eta mundu osoko borrokalariek hartuko dutelako parte.
Azkain Menoyo eta Aratz Cazado ere
Ibai Ruizek ez du bidaia bakarrik egingo. Hain zuzen, 10 urteko bi kide (Chock Dee da bere taldea) joango dira berarekin lehiatzera; Azkain Menoyo eta Aratz Casado gazteak. Ruizek azpimarratu du bere lehenengo borrokak Benidormen izango direla.