Arabako Bertsozale Elkarteak, Eguzki Art Zinema eta Amurrioko Udalarekin elkarlanean, Pedro Mari Otaño bertsolariari buruzko filma aurkeztuko du Amurrion. Bihar izango da hitzordua, 19:00etan Amurrioko udaletxean.
Filma aurkezteaz gain, egileen aurkezpena eta bertsolarien emanaldia egongo dira. Besteak beste, Juanjo Respaldiza orozkoarrak hartuko du parte ekitaldian
Bertan, Patxi Bisquert dokumentalaren egileak eta Joseba Barriolak hartuko dute parte egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko. Horrez gain, Manu Bendala arabar bertsolariaren eta Juanjo Respalditza orozkoarraren bertso saioa izango da entzungai. Ekitaldia doakoa da, eta ez da aurrez izenik eman beharko.
Auzolana du ardatz proiektuak. Izan ere, finantzaketari heldu ahal izateko 10 euroko 30.000 ekarpen jasotzeko erronka jarri zuen mahaigainean Patxi Bisquert ekimenaren sustatzaileak.
Euskal Herriko hainbat txokotan ari dira saioak antolatzen horretarako. Hala ere, Euskal Herritik Argentinaraino nahi dute zabaldu auzolana, erantsi duenez. Patxi Bisquert egilearen esanetan, herrigintzan sortzen eta loratzen dira proiektu bizigarrienak, "erakunde eta plataforma handien babesik gabe. Horrek eraman gaitu filmaren abiapuntua oinarrizkoa den auzolanean kokatzera. Otañok maite izango zukeen bere herri ekimenaren izaera frogatzeaz gain, filma egin ahal izateko laguntza egokia izango litzatekeelako". Pedro Mari Otaño bertsolaria hil zenetik 111 urte igaro dira, eta urtemuga baliatuta burutu du proiektua Bisquertek.