Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Nire lagunei zin egin diet ez direla berriro nire eleberrietan agertuko”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko urr. 29a, 12:37
Bere bigarren liburua plazaratu berri du David Sanchez Garciak. / Aiaraldea.eus

Mercurio, el Negociador liburua plazaratu du DAVID SANCHEZ GARCIAk (Amurrio, 1994), trilogia baten lehen atala. XVIII. mendean girotua dagoen arren, bere bizitzako zenbait pasartetan inspiratu da istorioa osatzeko. 

Trilogia baten lehen alea plazaratu berri duzu…

Espero dut trilogia batean bilakatzea. 

Ez da ziurra ala?

Jendearen harreraren araberakoa izango da. Berez, badago idatzia. Jendeak gustuko badu gehiago garatuko dut istorioa. Bestela, hurrengo bi liburuak batera plazaratzea baloratuko dut. 

Dena da istorio beraren parte, baina lehen liburutik bigarrenera denbora salto bat dago, 10 urte ingurukoa. Hurrengo bi atalak aldi berean gertatuko dira. Gauzak hala, lehen liburu hau independenteagoa da etorriko diren beste biekiko. 

Piraten garaia duzu hizpide liburuan, ezta?

XVIII. mendean girotu dut. Hurrengo bi liburuetan gehiago jorratuko dut piraten mundu erromantikoa, hau hitzaurre moduko bat da. 

Hasieratik zenuen argi trilogia bat garatu nahi zenuela?

Inondik inora. Hasiera batean lehen zati hau egiteko asmoa nuen soilik. Nire barrena husteko idatzi nuen, ez nuen  argitaratzeko asmorik. Baina gustatu zitzaidan, eta istorioa garatzen jarraitzea erabaki nuen. Oso luze geratu zitzaidan. Ni dena batera argitaratzekotan nintzen, baina orduan nire arrebak esan zidan: “Izan azkarra, argitaratu ezazu hiru zatitan”. Eta hala egingo dut. 

“Barrenak hutseko idatzi nuen trilogiaren lehen zatia”

Barrenak uzteko idazten duzu beti?

Ez. Kasu hau ezberdina izan da: asko izorratu ninduen gauza bat gertatu zitzaidan, eta idatzi behar nuen, gertatutakoari amaiera bat emateko, gustuko nuen amaiera bat. 2017an idatzi nuen, eta beste bi zatiak pandemia hasi baino lehen amaitu nituen. 

Baina gertatu zitzaizun hori XVIII. mendean girotu duzu. Fikzioarekin uztartu duzu, beraz.

Noski. Barrenak hustu behar nituen, eta gerta zitekeen nire ingurukoak liburua irakurtzean nirekin haserretzea. Horregatik erabaki nuen fikzio bilakatzea, nire inguruko jendea ez zedin eleberriko pertsonaiekin zuzenean identifikatu.

2017an argitaratu zenuen zure lehen eleberria. Idazketa prozesu aberatsa bizi izan zenuen urte hartan, edo?

Lehen eleberri hori Selektibitaterako ikasten nuen bitartean idatzi nuen, asko aspertzen nintzelako. Ideia batzuk nituen, eta ordenagailua aurrean… Lan hori publikatu nuen garaian ekin nion oraingoa idazteari. Hori izan da inspiratuen egon naizen garaia. Orain jarraitzen dut idazten, baina ideiak gehiago garatzen ditut. Lehen liburua kolpez idatzi eta ia aldaketarik egin gabe argitaratu nuen.  Orain buelta gehiago ematen dizkiet nire idazkiei, kritikoagoa bilakatu naizelako. 

Hala ere, aipatu behar dut orain argitaratu dudan eleberriak ez duela ia aldaketarik. Kolpez idatzi, berrirakurri, eta lagun batzuei bidali nien ekarpenak egin zitzaten, eta gustatu zitzaien. Hor sumatu nuen istorioa luzeagoa izan zitekeela. Lehen zati honek nahiko amaiera irekia dauka: irakurle guztiek esaten didate. Nik horrela bukatzea aurreikusi nuen, baina jendeak gehiago eskatzen zuenez, jarraitzeko saiakera egin nuen, eta horrela sortu ziren beste bi liburuak. 

“Selektibitaterako ikasten nuen bitartean idatzi nuen nire lehen eleberria, asko aspertzen nintzelako”

Harrera ona izan du liburuak, beraz. 

Kontuan hartuta pandemia egoeran gaudela, harrera aurreikusten nuena bezalakoa izaten ari da. Jendearen iritziak nahiko positiboak dira, oraindik ez zait kritika negatiborik iritsi. Oso azkar irakurtzen da, nahiko laburra delako. Nahiko istorio oinarrizkoa da, ez da oso sakona, eta jendeari gustatu zaio. Gainera, liburuko pertsonaietan islatuta ikusi daitekeen jendeak ere irakurri du liburua, istorioa ez dudalako asko “ezkutatu”. Baina oraindik ez didate ezer esan horren harira. Bi aukera daude: edo ez diote erreparatu, edo uste baino hobeto “ezkutatu” nituen eleberrian (barreak). 

Beste bi zatiak ere egongo dira zure bizitza pertsonalean oinarrituta?

Ez, askoz literarioagoak izango dira. Gainera, liburu hau eta argitaratu ez dudan beste idazki bat plazaratu ostean, nire lagunei zin egin nien ez zirela berriro nire eleberrietan agertuko, baten bat haserretu egin zelako. Jendeak haserretzeko ohitura du, ikusten duenean ez duela bat egiten bere buruaz duen irudiak zuk paperean irudikatu duzunarekin. Pertsona orok ezin du protagonista izan. 

“Une honetan bederatzi proiektu ditut esku artean”

Trilogia osoa idatzia duzu dagoeneko. Baduzu beste proiekturik esku artean?

Gaur bertan egon naiz lagun idazle batekin horri buruz berbetan. Zenbat proiektu dituen galdetu diot. “Hiru”, berak erantzun, “eta zuk?”. 

Kalkuluak egin ditut, eta ohartu naiz bederatzi proiektu ditudala irekita. Batetik, trilogiaren bi zatiak daude. Bestetik, bi proiektu garatzen ari naiz nire lagunekin: komiki bat eta filma labur bat. Horrez gain, hiruzpalau proiektu pertsonal ditut. Bi hasita daude, eta gero ideia mordoa ditut zirriborratuta. Gauza bakarra egitea falta zait: eseri eta idaztea. 

Bederatzi proiektu horietatik, zeinek du argia ikusteko aukera gehiago?

Badago bat nahiko garatua dudana. Blokeatu egin nintzen idazterako orduan, ez nekielako nola aurrera egin pertsonaiarekin. Baina lehen aipatu dudan lagun idazleak aholku bat eman zidan, eta egoera bideratzea lortu nuen.

Proiektu hori da gogo gehien pizten didana, baina trilogia berrikusten zentratzen ari naiz, ez ditudalako hogei fronte irekita izan nahi. 

Eskerrak eman nahi dizkiot liburuaren azaleko argazkia egin zidan lagunari. Ezezko jaso nituen, baina berak baietz esan zidan. Horregatik eskertu behar diot, berari eta baita nire lagunei ere, beti laguntzen nautelako. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide