ADIF enpresa publikoak asteazkenean abiatu zuen esleipena Amurrioko tren geltokian lanak gauzatzeko. Obra horren xedea da irisgarritasuna bermatzea mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileei.
Horretarako, proiektuak honako jarduera hauek barnebilduko ditu: lurazpiko pasabidea eta arrapalak eraikitzea, igogailuen instalazioa, nasen zabalpena eta altuera igotzea eta argiteria aldaketzea. Halaber, markesina berria jarriko dute.
Guztira, 2.067.643,21 euroko aurrekotua proposatu du ADIFek eta urtebeteko iraupena izango dute lanek.
PSE-EEren eta EAJren mezuak
Amurrioko zinegotzi sozialista den David Romerok mezua zabaldu du adierazteko obra horien esleipenak erakusten duela Pedro Sanchezen Gobernuak konpromisoa duela Aiaraldearekin: "Espainiako Gobernuaren inplikazioa erakusten du egiteke zeuden azpiegiturekin eta adostutako akordioekin".
Amurrioko EAJk ere oharra plazaratu du obren balorazioa egiteko. Jeltzaleek positiboki baloratu dute obrak hasi izana, baina nabarmendu dute duela "urte asko" egon behar zirela eginda. Horregatik, "jarraipen zorrotza" egin diote prozesuari, udal-taldearen zein EAJko senatarien zein diputatuen partetik. Gogorarazi dutenez, proiektu hau Espainiako Estatuko 2017ko Aurrekontu Orokorretan sartuta zegoen, jeltzaleen eta sozialisten arteko akordio bati esker.