Bi urteko etenaldiaren ostean Amurrioko Krosak badu data dagoeneko; abenduaren 12an itzuliko da Oinkariak Atletismo Taldeak antolaturiko kirol proba Amurrioko Refor kirol-gunera.
Espainiako Federazioaren egutegi ofizialean txertatu dute lasterketa eta, aurten, Euskadiko eta Arabako Kros Txapelketak hartuko ditu berriro ere Amurrioko zirkuituak. Era berean, Arabako Eskola Kiroleko proba puntuagarria izango da ere, haur, alebin eta benjamin kategorietan. Gainera, Aiaraldeko edozein umek izango du eskola kiroleko lasterketan parte hartzeko aukera Oinkariak taldearen web orrian izena emanda.
Euskadiko Kros Txapelketa ospatzeak ordutegi zabalagoak eskatzen ditu halabeharrez. Ondorioz, aurten ez da ohiko lasterketa herrikoia ospatuko. "Pena handiz, baina ezinezkoa da egitea" adierazi dute antolatzaileek.
Lehenengo lasterketa 9:45ean hasiko da, 16 urte azpiko gizonezkoen probarekin. Jardunaldia 23 urte azpikoen eta senior mailako emakumeen lasterketek itxiko dute, eguerdiko 13:15ean. Hurrengo taulan kontsultatu daitezke ordutegi guztiak:
Oinkariak Atletismo Taldeko kideek ilusioz hartu dute krosaren edizio berri hau antolatzeko lana: "pandemiagatik, ia 2 urte pasa dira azken krosa ospatu zenetik eta gogo handiekin gaude". Azaldu dutenaren arabera, hainbat moldaketa egin dituzte zirkuituan, "gogortasuna" handitzeko, eta maila altuko lasterketa izango dela aurreratu dute.