Iñaki Beak klub bila ari diren futbolari espainiarrak zuzenduko ditu Txipren

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 5a, 08:00

Iñaki Bea aurtengo udan eginiko argazki batean. / Aiaraldea.eus

Futbolari Espainarren Elkarteak hautatu du Iñaki Bea Korantina Homes Cup 2021 txapelketan entrenatzaile gisa aritzeko. Txipren, Pafos hirian, jokatuko da norgehiagoka, azaroan.

Iñaki Bea amurrioarrak nazioarteko erronka izango du azaroaren 13tik 20ra bitartean. Izan ere, AFEk -Futbolari Espainiarren Elkarteak- proposatu dio bere taldea entrenatzea Korantina Homes Cup 2021 txapelketan.

Txipren lehiatuko den norgehiagoka horren helburua da klubik gabe dauden jokalariek euren gaitasunak erakustea. Profesional gehienak ez dira bereziki ezagunak, 2. B mailan aritu direlako, baina badaude 1. mailan egon direnak, Raul Albentosa, kasu. Albentosak Eibarren, Derby Countyn, Deportivo de la Coruñan, CSKA Moskun edota Dinamo Bukaresten militatu du.

Elkarteak izena emateko epea ireki zuen urrian eta azaroaren 2an jo zuten amaitutzat.

Zentzu horretan, Beak badaki ardura zaila izango duela: "Agente eta idazkari tekniko ugari egongo dira eta jokalariek nahi izango dute onena eman. Zentzu horretan, malgutasuna eta talde bat gidatzeko gai naizela probatu beharko dut".

Txipren jokatuko den txapelketa erakusleihoa da, klubik gabeko jokalariek kontratua eskuratu dezaten.

Berez, AFE futbolarien sindikatua da eta txapelketa erakusleiho moduan pentsatuta dago, kontraturik gabe dauden profesionalek taldea lor dezaten. Horretarako, azaroaren 8tik 13ra bitartean kontzentrazioa eta entrenamenduak egingo dituzte Los Angeles de San Rafaelen (Segovia), maila onenarekin heltzeko.

Iñaki Beak zuzenduko duen taldeak Aris Limassol, Riga F.C., Pafos F.C., Brentford F.C. eta F.C. Rodina Mosku izango ditu aurrean eta, emaitza onak eskuratuz gero, partida bakarreko kanporaketa fasera igaroko da.

Hurrengo geltokia, Austria

Beak ilusio handiz hartu du eginkizuna, bera ere langabezian baitago eta uste du bere bertuteak erakusteko balioko diola. Edonola ere, amurrioarra Austrian lan egiteko urratsak abiatu ditu eta berriki han egon da agente batekin. Eskaintza profesionalen bat izatea espero du orain.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide