Erasmus+ programa baliatu dute Amaurreko zenbait gaztek Irlandara jotzeko. Hain zuzen, Claremorris herrian egon dira eta hango familiek hartu dituzte. Urriaren 17an joan eta 24an itzuli ziren eta eurekin joandako irakasleak, Leire Robina eta Olaia de Lorenzo, oso pozik daude emaitzekin. Biek azpimarratu dute hasieratik saiatu direla gainerako ikasleekin ingelesez egiten eta euren artean euskara baliatu dutela.
Berez, ingelesa ikasteko tresna egokitzat jo zuten biek Eramus+ programara. "Modu naturalagoa behar genuen ingelesez hitz egin zezaten, eta ekimen hau aproposa iruditu zitzaigun", nabarmendu du Robinak.
Hizkuntza gutxituak, batu dituen gaia
Parte-hartzaileen artean ingelesa erabili badute ere, Erasmus+ programaren ardatza hizkuntza gutxituak izan dira. Batu diren herrialdeak euren hizkuntzak biziberritzeko prozesuetan murgilduta daude.
Modu horretan, Amurrioko gazteek euskarari eta euskal kulturari buruzko ezagutza partekatu dute euren kideekin. "Aukera bikaina izan da euskal kulturan sakontzeko eta informazio gehiago bilatzeko. Izan ere, euskal kulturaren hainbat elementu oso barneratuak ditugu, baina beste batzuk ez. Modu honetan, izan dugu parada hori lantzeko", azaldu du Olaia de Lorenzok.
Irlandan egon arren, ez dute hango kultura jorratu soilik. Herrialde guztien ondare kulturalaren zati bat ezagutzeko aprobetxatu dute egonaldia. Oro har, esperientzia oso modu positiboan baloratu dute irakasleek: "Ikasleei nabaritzen zaie pozik daudela".
Hurrengo geltokia, Finlandia
Eramus+ programak amurrioarrak eramango ditu Finlandiara eta Maltara eta, aldi berean, hango ikasleek bisita egingo diote Aiaraldeko udalerriari. Hurrengo bidaia Finlandiara izango da eta datorren ikasturterako utziko dute Malta.
Irteera horietan, printzipioz, beste ikasle batzuek parte hartuko dute, ekimena ahalik eta gehien zabaltzea baitute helburu.
Amaurrek jasoko duen bisitari dagokionez, Leire Robinak azaldu du oraindik ez dutela guztiz prestatu, baina aurreratu du Irlandan zenbait ideia hartu dituztela. Olaia de Lorenzok, bere aldetik, ziurtatu du tokiko kulturak eta ohiturek izango dutela lehentasuna: "Hasteko, pilotan jolasteko palak oparitu genituen, argazkietan ikus daitekeen moduan".