Elurrak 2019an eta COVID-19aren pandemiak 2020an Gorobel Mendi Ibilaldia bertan behera uztea eragin zuten. Aurten, bi urteko etenaldia gainditzea eta ibilaldiaren 35. edizioa arrakasta osoz antolatzea lortu du Amurrioko Mendiko Lagunak taldeak.
Aste euritsu baten ostean, eguraldiak etena eskaini zien Amurrion elkartutako ehunka mendizaleei, eta Gorobel mendilerroko gailurrez gozatzeko aukera paregabea eskaini zien. 25 kilometroko ibilbideak elkartu zituen mendizale gehien.
Autobusez abiatu ziren Maroño ingurura, Ungino eta Tologorri igotzeko helburuarekin. Juan de Urrutia plazatik abiatzen lehenak, ordea, 43 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten kirolariak izan ziren. Hauek Babio, Eskutxi, Aro eta Moskadero mendiak gehitu zituzten aurrekoen gailur-zerrendara.
Bi ibilbideek Goizale Aterpea izan zuten epizentro. Dozenaka boluntariok otordu beroa prestatu zuten ibilaldian izena emanda zeuden ia mila mendizaleentzat. Salda beroa ezinbesteko aliatua bilakatu zen nekeari, lokatzari zein tenperatura hotzei aurre egiteko.
Mendizale gazteenak Babiora
Eskualdeko mendizale gazteenek ere izan zuten Gorobel Ibilaldian parte hartzeko aukera. Goizeko 10:00etan, dozenaka familiak abiatu ziren Babio mendiko gailurra konkistatzera.