LAILA ARGANE

“Etxean ahalegina egiten dugu seme-alabek sustraiak galdu ez ditzaten”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko aza. 14a, 08:00
Amurrion bizi da Laila Argane, familiarekin batera. / Aiaraldea.eus

LAILA ARGANEk (Maroko, 1982) bost urte daramatza Amurrion bizitzen. Familiarekin batera etorri zen, lan eta bizitza hobe baten bila.

Noiz iritsi zinen Euskal Herrira?

Ni Agadirrekoa naiz, Maroko hegoaldeko hiria, eta nire senarra Oujdakoa, iparraldekoa. Lan bila Murtziara joan ginen bizitzera eta 10 urte eman genituen bertan. 2008ko krisi ekonomikoaz geroztik, asko okertu zen bertako egoera, ez zegoen lanik, eta Amurriora etortzea erabaki genuen.
Bizitzeko toki atsegina aurkitu dugu hemen, lan baldintzak Murtzian baino askoz hobeak dira. Klima ere atsegin dugu, gure seme nagusiak asma dauka eta on egiten dio bertoko eguraldiak.

Hona iritsi zinetenean ez zenuten Amurrio aurretik ezagutzen.

Ez genekien ezer herriaren inguruan, guztiz ezezaguna zitzaigun. Marokotik Espainiara joan ginenean ere itsu-itsuan joan ginen. Ohituak gaude bidaiatzera, horrela bizi gara. Goazen lekura goazela bertan integratu beharra dugu, eta etorkizun batean beste nonbaitera joan behar bagara, berdina egingo dugu. Zure familiarengandik eta zure lurretik hainbeste denbora aldenduta egon ostean, berdin zaizu non bizi. Guk gure seme-alabei bizitza on bat eskaini nahi diegu, besterik ez.

Uste duzu Amurrion aurkitu duzuela hori?

Bai, zalantzarik gabe. Nire senarra beste herrialde batzuetan  ere ibili da lan bila, baina Europan arrazakeria asko  dago, eta lan-baldintzak nahiko kaxkarrak dira. Hemengo bizi-baldintzak hobeak dira. Osasun eskubidea bermatuta daukagu hemen.

Zer nolako harrera izan duzue?

Oso eskertuta gaude, oso pertsona atseginak ezagutu ditugu, etxeko ateak parez pare zabaldu dizkigutenak.  Guk mundu guztiarekin dugu harremana. Bizilagunak bezalako ekimenek ere asko lagundu digute gure kultura hemengo kulturarekin elkarbanatu eta zubiak eraikitzeko. Lagun berri asko egin ditugu.

Gainera, zorionekoak gara, gure seme-alabek euskara ikasteko aukera izan dutelako. Gazteak dira eta adin horretan belaki baten moduan xurgatzen dute dena.

Zaila da sustraiak atzean uztea?

Noski zaila dela. Nire senarrak eta nik arabiar eskolak eskaintzen ditugu herrian bizi diren familientzako. Nik Marokoko Batxilergoa dut eta arabiarra irakasteko gai naiz. Oso garrantzitsua da guretzat seme-alabek arabiarra ezagutzea eta erabiltzea. Ez bada erabiltzen galdu egiten da, euskara bezala. Guk etxean ahalegina egiten dugu seme-alabek sustraiak galdu ez ditzaten, eta Marokora familia bisitatzera bueltatzen direnean arabiarrez mintzatzeko aukera izan dezaten.

Horrez gain, amazigera ere hitz egiten dut nik ere: hizkuntza bereberea. Marokoko hegoaldean hitz egiten da, baina seme-alabek eta senarrak ez dute ezagutzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide