Babio 16 ordu Non Stop eta Babio Igoera ekimenak berreskuratuko ditu Amurrio Trail Taldeak, abenduaren 23an eta 24an. "Iaz ez genuen aukerarik izan antolatzeko, osasun egoeraren ondorioz", argitu du Axier Vivanco taldeko kideak.
Gauzak horrela, Babio 16 ordu Non Stop elkartasun erronkaren III. edizioa abiatuko dute abenduaren 23an, 18:00etan. Kirol taldearen asmoa da orduro kuadrilla bat abiatzea herriko plazatik, Babiora igotzea eta jaistea, eta hurrengo taldeari lekukoa ematea.
"10 kilometroko ibilbidea da joan-etorria eta horniketa puntua egongo da Babion. Izen emateak 10 euro balioko du, eta diru hori ADELA Euskal Herria elkarteari emango diogu. Jadanik harremanetan jarri gara Aldeko Esklerosi Amiotrofikoa sufritzen duten pertsonak laguntzen dituen elkarte horrekin", azaldu du Vivancok.
Erronkako azken taldea abenduaren 24an aterako da Juan Urrutia plazatik 9:00etan, eta 10:00etan emango diote hasiera egitasmoari.
Ekimenaren V. edizioa izango da eta Montes Solidarios elkarteko boluntarioekin batera Ezina Ekinez Egina taldeko kideak egongo dira aurten. "Elkartea Amurrio Trail Taldeak berak sortu zuen Amurrioko Udalak erositako aulki egokituak erabiltzeko. Hori dela eta, espero dugu mugikortasun arazoak dituzten 6 lagun igotzea", gaineratu du, itxaropentsu, Vivancok.
Elkartasuna eta jaia
Aurreko urteetan bezala, antolatzaileek espero dute jendetza batzea mendira igotzeko: "Goian Olentzero egongo da itxaroten umeekin argazkiak egiteko eta espero dugu guztion artean Gabonak agurtzea".
Amaitzeko, Babiora igo ostean herrira itzultzen direnek, txistorra eta txokolatea jateko aukera izango dute 14:00ak aldera, Juan Urrutia plazan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!