Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Adarra jotzeko Fermin Muguruzak jarri du ahotsa filmean, batzuentzat maltzurkeriaren ikurra baita”

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 18a, 12:00

Hiru lan aurkeztu ditu Kevin Iglesiasek Sitges-eko jaialdian. / Aiaraldea.eus

KEVIN IGLESIAS (Amurrio, 1989) zinemaren munduan sartuta dago buru-belarri eta Sitgesen (Herrialde Katalanak) egiten den jaialdian hiru lan aurkeztu zituen, ardura ezberdinetan. Publikoaren saria jaso berri du Donostiako Beldurrezko Jaialdian.

Nolakoa izan da zuen partaidetza Sitgeseko jaialdian?

Nahiko ona. Inoiz ez dakizu zein izango den ikusleen erantzuna, baina hiru film labur izan ditugu eta hirurek ondo funtzionatu dute publikoaren artean. Egia da Sitgeseko publikoa esker onekoa dela, asko gozatzen baititu proiekzioak. Ez dugu saririk irabazi, baina izendatuta egotea saria da jadanik. 

Hiru film aipatu dituzu eta horietako bakoitzean ardura ezberdinak izan dituzu; zuzendari, gidoilari eta ekoizle. Oso ezberdinak dira?

Bai. Bat  egile-zinema da, genero jakina baino, beldurrezko zinemaren gakoak erabiltzen baditu ere. Hau Au pair da, David Perez Sañudorena, Ane pelikularen zuzendaria, hain zuzen. Film labur oso berezia da, egile-lana izan arren, nahiko ganberroa da. Espainiako folklorearen elementu ugari hartzen ditu (zezenak, paisaiak...) eta beldurrezko osagaiak bilakatzen ditu.  Oso pozik gaude eta ideia horrekin film luzea egingo da orain, Warner eta Antena 3ekin. Ez dakigu noiz eta nola, baina aurkezpen gutuna jada izan da, enpresa horiek interesa baitzuten. Maiz egiten da horrela, lehenik eta behin film laburra, inbertsioa egin dezaten konpainiek film luzerako. 

Beste filma Carnívoro izan da. Hau genero filma da, zehazki, munstroen azpigeneroa. Hasieran nolabaiteko film politikoa izango zen; ama bat joan behar zen bere alabaren logelara, honek esaten duelako munstroa dagoela. Kritika politikoa zen, 23-Fko estatu kolpean baitzegoen girotuta.  Tamalez, zuzendariak elementu hori kentzea erabaki du azkenean eta filma geratu da genero hutseko pelikula legez, ez dauka beste irakurketarik eta denborapasa da. Nabarmenena da 6 minutuko plano bakarrean egin dela. 

Azkenik, animaziozko film laburra egin dut Pedro Riverorekin batera: Los días que (nunca) fueron. Berak esperientzia luzea dauka animazioan, bi Goya irabazi baititu. El hoyo filmaren gidoilarietako bat da eta orain bigarren era hirugarren zatia prestatzen ari da. 

Zertan oinarritzen da zuen pelikula?

Itxialdi garaian etorri zitzaidan ideia, animazioa teknika ona baita itxialdian izandako paranoiak islatzeko. Pedro Riverori proposatu nion ideia aurrera ateratzea eta berak baietz esan zidan, oso ondo moldatzen naiz eta.

Eusko Jaurlaritzak eta EITBk deialdia egin zuten itxialdiari buruzko film kolektiboa egiteko. Izugarri aproposa izan zen, gai hori landu nahi bainuen. Zorte ona izan genuen eta aukeratutako zazpi film laburren artean gurea zegoen. 

Laguntzaile gehiago izan dituzue, Fermin Muguruza, esaterako.

Egia da gu banatzen ari garen kopia gaztelerazkoa dela. Euskaraz, ingelesez eta gazteleraz aurkeztu dugu banaketa kanal ezberdinetan. Ingelesezkoa momentuz ez dugu egin, baina bai, ordea, gaztelerazkoa eta euskarazkoa. 

Gure txantxa izan zen zenbait jende maltzurkeriara lotzen dituen ahotsak jartzea. Pentsatu genuen euskaraz Fermin Muguruza jarriko genuela, hainbat eremutan gorrotatua delako. Adarra jotzeko modu bat da. 

Gaztelaniazkorako harremanetan jarri ginen Antonio Esquiviasekin. Bikoizle oso ospetsua da. The Simpsonen Bob bigarren mailako antzezleari ahotsa jarri zion eta Frasier ere izan zen izen bereko telesaioan. Berarekin lan egiteko gogoak nituen aspaldi, oso gogoko baitut bere lana. 

Fermin Muguruzak karisma handia dauka, baina ez da bikoizlea eta, ondorioz, gaztelerazko bertsioa erabili ohi dugu. Hala ere, hainbat jaialditan banatuko dugu euskarazko kopia eta ETB-1ean emango dute. 

Fermin oso animatua da eta, dakizuenez, orain animazio filmetan buru-belarri ari da. Gainera, Pedroren laguna da eta bi aldiz aurkeztu ditu bere filmak Bilbon, Pedroren Animakom jaialdian. Oso lagun minak dira eta arriskutsuak Bilboko gauean!

Non ikus daiteke Los días que (nunca) fueron?

Zinemaldian ikusgai egon zen, Zinemira atalean. Gero Zinebin egon da eta Filmin-en ere egongo da zortzi edo bederatzi egunez. Albaceteko Abycine jaialdirako hautatuak izan gara eta hitzarmena dute Filmin plataformarekin.  Esan bezala, EITBk film kolektiboa sortu eta ETB-1ean eta ETB-2an eskainiko dute.

“Finean, ni ekoizlea naiz, baina batzuetan gidoi edo zuzendari lanak egiten ditut”

Pedro Rivero edota David Perez Sañudorekin egiten duzu lan, zinema belaunaldi berria zarete?

Egia da zineman oso gazte hasi nintzela lanean eta nire belaunaldikoak edo belaunaldi ondokoak diren zuzendariak direla berriak. Dena den, ni itzalean nago beti. Ez daukat zuzendari izateko bokaziorik. Hau kasualitatea izan da, egingo ditut gauza gehiago.

Edonola ere, bai, badirudi euskal zinema espainiar zinemaren rock-and-rolla dela eta estimatua dela nazioartean. Bereziki, euskarazko filmekin. 

Pedro nagusiagoa da, baina David euskal zinemaren ahots berria da eta gauza asko egin ditu Paul Urkijorekin. 2010ean eta 2011n susmatzen zen uneren batean euskal zinemaren harrobiak eztanda egingo zuela eta zorionez gertatu da. 

Zuzendaritza ez bada zure tokia zineman, zein da?

Ni gehienbat ekoizlea naiz. Hori bai, ekoizpenaren barruan arlo ugari dago eta produkzio exekutiboaren sorkuntzari lotutako aldea ni naiz. Gidoia heltzen zaidanean, asko hitz egiten dut zuzendariarekin horri buruz, zer hobetu daitekeen eta zer aldaketa mota egin behar diren. Gero, dirua lortzeko, gidoiaren dosierra egiten dut eta hor kontzeptualizazio asko dago. Ilustratzailearekin, gidoilariarekin, zinemagilearekin... lan egiten dut eta ematen diogu forma.  Helburua da finantzazioa eskuratzea eta filme batekin bi, hiru edo lau urtez bizitza. Diru iturriak lortzeko hainbat kontu aintzat hartu behar dira eta hori ere nire lana da.

Finean, ni ekoizlea naiz, baina batzutan gidoi edo zuzendari lanak egiten ditut. 

Zein filmetan egin duzu lan hori?

Adibidez, Errementari pelikulan, baina hor landu nuen gehienbat komunikazioan. Ane filman ere egon naiz, eta Retrato de mujer blanca pelikulan ere, Blanca Portillo eta Imanol Ariasekin. La noche del virgen ere ekoitzi dut. Ez dut lan ugari egin, ez naiz Weinstein anaiak (barreak).

Zerk erakarri zintuen zinemara?

Suposatzen dut honetan lan egiten dugun guztiok bezala, pasioak. Oso zinefiloa izan naiz txikitatik. 15 eta 16 urte nituenean uste nuen gai izango nintzela industria honetan  arikoeta arlo bat hautatu dut.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide