"Amurrio Txirrindulari Elkarteari esker egon zen Bernard Hinault herrian eta Espainiako Vueltako etapa bat irabazi zuen"

Aitor Aspuru Saez 2021ko aza. 17a, 12:00

Imanol Uzabal elkarteko presidentea da. / Aiaraldea.eus

IMANOL UZABAL ALTUBE (Amurrio, 1968) Amurrioko Txirrindulari Elkarteko presidentea da. Ostiralean taldearen 50. urteurrena ospatuko dute Amurrio Antzokian, dokumentala eta liburua aurkeztuta. Klubaren egungo egoerari zein iraganari buruz mintzatu da.

Azaroaren 19an, ostiralean, ospatuko duzue Amurrio Txirrindularitza Elkartearen 50. urteurrena, 2020an ezin izan baitzenuten egin.

Bai, bi aurkezpen garrantzitsu izango ditugu. Alde batetik, klubaren 50 urteko historiaren liburuaren aurkezpena izango dugu eta, bestetik, dokumentalaren estreinaldia. 

Dokumentalean agertuko dira klubeko lagun adierazgarriak, txirrindula eskola... apur bat elkartea dena. Lekukotza ugari jasotzen ditu ordu erdian eta, egia esanda, oso ondo dago. Txemi Llanok egin du.

Liburua da, gehienbat, argazki bilduma. Urtez urte analizatu da zein lasterketa eta zein talde egon diren eta zenbait kideren parte hartzea azpimarratzen du. Gutxi gorabehera, dokumentalean hitz egiten dutenak dira. Bizikletaren historia txikia ere txertatu dugu. Liburu nahiko potentea geratu da, 400 orrialde ingurukoa.

Hori guztia aurkeztuko dugu ostiralean. Iaz aurreikusitako ekitaldi batzuk baino ez genituen egin; Mikel Landa, Aritz Arberas, Abel Anton, edota Lourdes Oyarbideren hitzaldiak. 

"Klubari buruzko liburu potentea prestatu dugu, 400 orrialde inguru dauzka"

Adibidez, La Casonan egin nahi genuen bizikleta erakusketa bertan behera geratu da. Gauza bera gertatu zen taldearen aurkezpenarekin, Aiara Birarekin batera egin nahi genuen, zerbait berezia izateko. 

Horrekin bukatuko duzue 50. urteurrena ospatzen?

Bai, ekimen bakarrean sartu dugu geratzen zitzaigun dena eta horri gehitu diogu urtero egiten dugun opari banaketa txirrindulari eta teknikariei, denboraldia gurekin egiteagatik.

Dena den, 2021ean ere egitasmo garrantzitsuak izan dituzue, esaterako, Euskal Itzuliaren etapa baten irteera.

"Hurrengo Euskal Itzuliako etapa bat Laudion hasi eta Amurrion amaituko da"

Bai, zehazki, lasterketa hori urtebete atzeratu zen. Alegia, 2020an egin ez zena aurten egin da. Hitzordu oso inportantea zen. Berez, aurten etaparen amaiera izan behar zen Amurrion, baina hurrengo urtean izango da. Hain zuzen, aurten ibilbidea Amurrio-Laudio izan da eta hurrengo edizioan Laudio-Amurrio izango da.

Zuk zer azpimarratuko zenuke 50 urteko historia horri buruz?

Lehenik eta behin, jende ugarik egin duen lana. Orduak eman dituzte trukean ezer eskatu gabe. Klubaren barruan egon arte ez zara konturatzen zenbat ordu diren eta zer sakrifizio mota egiten dituzten ez bakarrik klubeko kideek, baita familiek ere. 

Esaterako, taldeetako zuzendariak lasterketetan daude astebururo, martxotik irailera bitartean. Jende oro ez da hori egiteko gai. Alde batetik, oso gogoko izan behar duzu. Bestetik, senideek oniritzia eman behar diote. 

"Klubaren barruan egon arte ez zara konturatzen zanbat ordu egiten den lan"

Jende horrek dauka meritua. Azken finean, gauza ugari egin dira, baina muina jende hori da. Edozein klubaren altxorra hori da, urterik urte erreleboa izatea eta ilusioa berritzea. Nik nabaritzen dut gero eta gehiago kostatzen zaidala gauzak egitea eta belaunaldi aldaketa ez dut oso argi ikusten. Momentuz, guk 50 urte bete ditugu.

Eta historia horretan guztietan zein mugarri uste duzu dela adierazgarria?

Espainiako Vueltaren helmuga hemen egon zen 1978an. Bernard Hinaultek irabazi zuen eta hori da ekintza guztietan baliatu dugun irudia. Zehazki, txirrindulariak argazki egin zuen Amurrioko txirrindularitza eskolako gazteekin. 

Daniel Albizua klubeko sortzaileak lortu zuen Espainiako Vuelta Amurrion amaitzea. Gaur egun oso konplikatua da ekonomikoki eta lan handia egin behar da. 

"Daniel Albizuak lortu zuen Espainiako Vueltako etapa bat Amurrion bukatzea 1978an"

Bestalde, txirrindularitza eskolak iraun du denboran. 30 urte baino gehiago bete ditu. Inoiz ez du kale egin. Jende gehiago edo gutxiago izan dugu, baina beti izan dugu taldea, zailtasunak zailtasun, begiraleak lortzea ez baita erraza.

Uxue Albizua bezalako txirrindulariak egotea Amurrion nolakoa da klubarentzat?

Niretzat asko da. Pentsa ezazu Luisa Ibarrolan. Espainiako txapelduna izan da eta munduko txapelketetan ere hartu du parte. Jende askok egin du ondo, eta Oscar Lopez Uriarte eta Izaskun Bengoa profesionalak izatera heldu ziren.

Ibilbide horiekin gehien poztu direnak izan dira euren zuzendariak. Eurek bizi izan dute gertutik eta asko pozten dira. Oso pozgarria da txirrindularitza eskolatik ateratakoak elitera heltzea.

"Jende askok egin du ondo eta Oscar Lopez Uriarte eta Izaskun Bengoa profesionala izatera heldu ziren"

Gero eta neska gehiago ditugu. Aurten, adibidez, bost dira, baina zaila da, gehiago kostatzen zaielako. 

50 urteren ostean, zein izan da gakoa?

Umiltasunez lan egitea da gakoa. Kirolean ego eta inbidia handiak daude. Azkenean, apaltasunez lan egin beharra dago, elkarlanean aritu beste klubekin... Erraza da, ez du misteriorik. Arazoak hasten dira rollo txarrekin eta inbidiekin. Hori ekidin behar da beti, baina jende ugariren artean sor daiteke arazoa.

Gure sekretua hori da, giro ona sortzea. Hori izanda, bestea erraza da.  

Eskualdean harreman handia dugu klub guztiekin eta elkar laguntzen dugu asko azkenaldian. Aiaran, Laudion, Artziniegan, Kuxkumendirekin Amurrion... Guztiok mugitzen gara. Ez badago laguntzarik, oso zaila da edozer gauza antolatzea. Guztion artean bideragarriagoa da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide