UDAL AURREKONTUEN EZTABAIDA

Hainbat ekarpen egin ditu Orain Amurriok udal aurrekontuei begira, etxebizitzaren, kiroldegiaren kudeaketaren edota klima aldaketaren alorretan

Txabi Alvarado Bañares 2021ko aza. 16a, 13:11

Orain Amurrioko kideak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Oposizoko udal taldeak jakinarazi du ez duela aurrekontuen alde bozkatuko, udal gobernuarekiko “ezberdintasun programatiko nabarmenak” dituztelako. Baina zabalik utzi du akordiorako atea.

Udal aurrekontuen eztabaidan buru-belarri sartuta daude Amurrioko talde politiko instituzionalak. Orain Amurriok prensa oharra plazaratu du bere posizionamendua azaltzeko. Oposizioko talde politikoak udal gobernuarekin izandako bileran jakinarazi zuen ez zuela aurrekontuen alde bozkatuko, “ezberdintasun programatiko nabarmenak” dituelako. Baina zabalik utzi zuen akordioetarako atea, gobernuak bi baldintza betez gero: “aurreko urteetako aurrekontu-kopuru konprometituak gauzatzea eta udal-politiketan eragin handia duten proposamenak onartzeko benetako borondatea erakustea”. 

Gauzak hala, hainbat ekarpen egin dituzte Orain Amurrioko kideek aurrekontuei begira. 

Etxebizitza

Etxebizitzaren alorrean bi gauza proposatu dituzte. Alde batetik, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra garatzen hasteko “betearazpen publikoko organo” bat eratzea eskatu dute, “babes publikoko etxebizitzak alokairu sozialeko erregimenean lortu ahal izateko”.

Bestetik, partida bat sortzea planteatu dute, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei etxebizitzak alokatzen laguntzeko. 

Kiroldegiaren kudeaketa publikoa

Bere aldarrikapen historiko bati ere eutsi diote Orain Amurrioko kideek: kiroldegiaren kudeaketa publifikatzea. Zehazki, aukera hori aztertzeko txosten juridiko eta finantzarioa eskatzea eskatu dute. 

Klima-aldaketa

Ingurumenaren egoeran ere jarri du arreta oposizioko taldeak. Bioaniztasuna Ikertzeko eta Zabaltzeko Zentro bat sortu daitekeen aztertzea proposatu du. Horrez gain, administrazio batzarretan birziklapenerako “mini-puntu berdeak” jartzea proposatu du, eta baita bizikletentzako aparkaleku estaliak jartzea ere. 

Enplegua

Enpleguari dagokionez, dauden laguntzak handitu nahi ditu talde politikoak, eta beste hainbat proposamen ere jarri ditu mahai gainean:

  • Bi gurpil aulki erostea, mugikortasun urriko pertsonei maileguan uzteko.
  • Bide publikoetatik hildako animaliak biltzeko protokoloa osatzea eta egoera horietan jarduteko baliabideak eskuratzea.
  • Udal-baratzeetako azpiegiturak hobetzea eta Nerbioiko Parke Linealeko zenbait tokitan markesinak jartzea. 

Udal gobernuak proposamen hauek onartuz gero, batzorde bateratu bat eratzea proposatu du Orain Amurriok, partidak gauzatzen direla bermatzeko. “Urte hauetan guztietan bezala, proposamenak aurkeztu ditugu Amurrioko azpiegiturak eta zerbitzuak hobetzeko, iraunkortasun-printzipioetatik, udal-zerbitzu publikoen kalitatea hobetzetik eta kudeaketa publiko eraginkorrago batetik. Azken batean, diru publikoa Amurrioko herritarren ongizatea hobetzeko erabiltzea proposatzen dugu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide