2016ko otsailaren 26an iritsi zen Alex Txikon Pakistango Nanga Parbat (8.125 metro) mendiko gailurrera, Ali Sadpara eta Simone Moro alpinistekin batera, Tamara Lunger italiarra metro batzuk beherago geratu zen. Himalayismoaren historian mugarri berri bat jarri zuen espedizioak, Nanga Parbateko gailurrera iristen zen neguko lehenengo espedizioa baitzen Txikonek gidatutakoa. Orduko irudi eta bizipenak bildu ditu alpinista lemoaztarrak La montaña desnuda - Mendi biluzia filmean.
Amurrioko Mendiko Lagunak taldeak Nanga Parbateko espedizioaren proiekzioarekin abiatu zuen atzo Mendi Jardunaldien edizio berria. Hainbat hitzaldi, proiekzio eta kirol jarduera egingo dituzte, astebetez.
Ikusmira erabatekoa zen atzo Amurrio Antzokian, eta dozenaka izan ziren filma ikustera bertaratutakoak. Alex Txikonek berak, Zigor Egia Euskal Herriko Mendi Federazioaren lehendakariaren laguntzarekin, eman zion sarrera proiekzioari. Pelikularen ekoizpen prozesuaren nondik norakoak azaldu zituen Txikonek. 2020ko martxoa eta iraila bitartean, 400 ordu baino gehiago eskaini zizkion alpinistak pelikula amateurraren edizioari.
Eserlekuetan izoztuta
Ikusleak Amurrio Antzokiko eserlekuetan izoztuta utzi zituzten 2015 eta 2016ko neguan egindako espedizioaren irudiek. Erronkaren gordintasuna eta zailtasuna agerian uzten ditu filmak. Negu gorriari eta zero azpiko muturreko tenperaturei egin behar izan zion aurre Alex Txikonen kordadak munduko bederatzigarren mendirik altuenera iristeko.
Proiekzioaren ostean, mendizale eta ikusleen zalantzak eta galderak argitzeko tartea hartu zuen Txikonek. Neguko espedizioetako xehetasunak, ezagutza teknikoak edota etorkizuneko erronkak izan zituzten hizpide, besteak beste.
Argazkiak: Zigor Egia