Atzeratu egin du udalak Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia, pandemiaren bilakaera dela eta

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko aza. 24a, 13:36

Pirritx, Porrotx eta Marimotots ikuskizun batean. / Aiaraldea.eus

Igandean eskaintzekoak ziren ekitaldia bertan behera utzi du udalak, "zuhurtziagatik eta erantzukizunagatik". 

Iganderako antolatuta zegoen Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia ez egitea erabaki du Amurrioko Udalak. Dena den, datorren urterako data zehazteko lanean ari dira, "egoera hobea izango delakoan".

1.800 laguneko aforoa zuen ekitaldiak, eta jende pilaketa ekiditeko hartu dute neurria, besteak beste. "Amurrio zerrenda berdean dagoen arren, emanaldia atzeratzea erabaki da Araba osoko eta beste probintzia batzuetako jendea erakarriko lukeen ikuskizuna dela jakinda", adierazi du tokiko erakundeak oharrean.

Data berria zehazten ari dira Kui-Kui ikuskizuna Amurriora ekartzeko, eta sarrerak gordetzeko edo itzultzeko aukera izango dute erosleek

Kiroldegian egitekoak ziren ikuskizuna. "Gainera, nabarmentzekoa da adingabeei zuzendutako jarduera dela, 1.800 lagunentzako edukiera duen espazio itxi batean, eta eragina izango duela txertorik jarri gabe dauden eta maskara erabiltzeko derrigortasunik ez duten 6 urtetik beherako haurrek osatutako biztanleriaren sektorean".

Euskara Zerbitzuak adierazi duenez, sarreren itzulketa Kultura Etxean egingo dute. Dena den, data berria finkatzen dutenean ere baliatu ahalko da sarrera, gordez gero: "Sarreraren dirua itzultzea nahi dutenek bihartik aurrera eskatu ahalko dute Kultura Etxean. Data berrian ikuskizunera joan nahi dutenek sarrera gorde egin beharko dute".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide