AKETZA MERINO

“Liburuan landa eremuko mundua desmitifikatu dut, klase apalen historia jorratu baitut”

Aitor Aspuru Saez 2021ko abe. 3a, 21:13

Hainbat liburu argitaratu ditu Aketza Merinok. / Aiaraldea.eus

AKETZA MERINO (Amurrio, 1987) historialariak liburu berria idatzi du. Orozkon aritutako bidelapurren errealitatea azaleratu du, zabaldutako kondairak desmitifikatuta.

Nola bururatu zitzaizun liburu hau idaztea?

Pixkanaka-pixkanaka izan zen. Ezagutzen nuen historia, edo hobeto esanda, kondaira, eta egun batean topatu nituen epaitegi txosten batzuk Granizo taldeari buruz. Ikusi nituen eta konturatu nintzen zerbait gehiagorako emango zuela. Ez nuen aurreikusi, horrela atera zen.

Nondik heldu diozu gaiari?

Saiatu naiz modu narratiboan egiten. Kontatzen dut Granizo taldeak eta horietako batzuen gurasoek egindakoa, bidelapurrak izan baitziren. Liburua da haien historia modu narratiboan. Ez da eleberria, ezta saiakera historikoa. Historikoki eta geografikoki kokatzen da tokia eta garaia eta hausnarketa batzuk egiten ditut, baina kontakizun baten moduan.

Askotan esaten dut historia unibertsala dela, baina Aiaraldean gertatu zen, Orozkon, batez ere. Pobrezia, klase apalen zailtasunak unibertsalak dira, baina Aiaraldean jazo zen. Historia desmitifikatzailea da. Oro har, landa eremuko historia oso mitifikatua dago, baserria eta abar. Liburu honetan, ordea, aipatzen da pobrezia. Ez zen oso modu erakargarria edo atsegina. Bazeuden baserrietako jaunak edo jauntxoak, baina hauek jornalariak ziren eta euren bizitzak nahiko zailak ziren. Ikazkinak, jornalariak, arotzak... Landa eremuko alde ezkutatuta eta klase apalen historia.

Granizo taldearen kondaira eta epaiketak alderatu dituzu, zein da fidagarriagoa?

Epaiketa da fidagarriena, baina kondairan daude benetako historiaren arrastoak. Badago egia dena, puztu diren zenbait gertakari ,eta gezurra dena. Nik kondaira ezagutu nuen Julian Olabarriaren bidez, murgiar horrek idatzi zuen liburua eta jasotako zenbait kontu ez ziren Granizokoak.  Alde batetik, beste batzuek egindakoa leporatu zieten eta bestetik, belaunaldiz belaundi ekintzak puztu ziren.

Bidelapurrek kondaira handia daukate, baina zuk zer topatu duzu?

Oro har ez zen ogibidea, osagaia baizik. Jende apala zen eta noizean behin bidelapurretara jotzen zuten. Hauen kasuan, behintzat. Egon ziren bidelapur profesionalak, baina ez Granizorena. Eurentzat zen noizean behineko jarduera, diru beharragatik. Ez ziren lapurrak eta ez zeuden legez kanpo, baina egin behar zituzten harrapatu arte.

Zer nolako lapurretak egin zituzten?

Lapurretak bi motatakoak ziren. Batez ere, bideetan saltzaileei gauzak edo dirua kendu. Horrez gain, etxeak lapurtu. Ez zen ohikoa, baina Granizo taldekoek hori egin zuten, objektuen edo diruaren bila. Objektuak saltzen zituzten dirua eskuratzeko. 

Gorbeiako fenomenoa izan zen?

Ez, Euskal Herri osokoa. Kasu honetan liburua Altuben dago kokatua, Gorbeian baino. Nahiko jarduera ohikoa izan zen Altuben eta horrelako mendi bideetan. Ez zegoen populazio askorik eta bi eskumen ezberdin zeuden, Araba eta Bizkaia artean, edo Zuia eta Aiara artean, justiziatik ihes egiteko. San Adrianen, Urkiolan, Arlaban eta horrelako tokietan oso arrunta izan zen, baina baita Bilboko inguruetan ere. Oso hedatua zegoen. 

Zergatik iraun du Granizo taldearen kondairak?

Galdera ona. Nik ezagutu nuen aipatutako liburuagatik, eta gero beste kontu batzuk entzun ditut. Edonola ere, litekeena da euren oroimenak irautea azkenengoak izan zirelako. Gero egon ziren lapurrak eta krimenak, baina bestelako ezaugarriekin. Modernoagoak edo ez zuten talde izaerarik. Bidelapurren garaia igarota zegoen Granizo taldea existitzen zenean eta lapurreta bakarra egin zuten. 

Zein da zure asmoa orain liburuarekin?

Lehen aurkezpen ofiziala egin genuen eta telematikoa izan zen, komunikabideentzat. Momentuz ez daukat ezer finkatuta hitzaldi edo aurkezpen moduan, baina zerbait egingo dut; hori bai, apurka apurka, ez dago presarik. Denboran luzatu daiteke, ez da egungo gaia. Noizbait ibilaldia egin dezakegu, esaterako.

Ba al duzu beste proiekturen bat eskuartean?

Badaukat zerbait idatzita Aiarako historiari buruz eta nire tesia argitaratu gabe dago. Irtenbidea eman nahi diet biei. Dena den, bat-batean agertzen dira horrelako ideiak. Nire tesia Goi-Nerbioiko industralizazio prozesuari buruzkoa, baina ikuspegi sozialetik, ekonomikotik baino. Aldaketa sozialak landu ditut. Uste dut interesgarria dela, eskualdean kokatutako historia garaikideko testu bakarra da horri buruz. Aiarako testuak dira udalerriaren historia, hasieratik 1800. urtera arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide