Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Musikarekin bizitako esperientziak bildu ditut liburuan”

Txabi Alvarado Bañares 2021ko aza. 29a, 07:00

Abuztuan plazaratu zuen liburua Jon Ander Martinez de Murguiak. / Aiaraldea.eus

Música en el corazón liburua plazaratu du JON ANDER MARTINEZ DE MURGUIAk (Amurrio, 2000). Musikak bizitza salbatu diola dio, eta hori izan du hizpide liburuan, besteak beste. 

Abuztuan argitaratu zenuen liburua, zure lehenengo lana.  

Bai, mundura irekitzeko modu bat izan da niretzat. Bizi izan ditudan esperientziak kontatu ditut. 

Musika da liburuaren ardatz nagusia.

Hori da. Niri betidanik gustatu izan zait musika. Nire burua isolatzeko edota barrenak askatzeko erabiltzen dut. Kirolak ere asko lagundu dit horretan. Kirola eta musika uztartuta, erraza suertatu zait honaino egin dudan bidea. 

Musikak zure bizitzan izan duen eraginari buruz hitz egiten duzu, orduan.

Txikitatik hona gertatu zaidan guztia kontatu dut, pausoz pauso. 

Abeslaria ere zara. Nola hasi zen musikarekin duzun harremana?

Txikitatik gustatu zait musika. Baina urrats garrantzitsu bat eman nuen abesten eta sare sozialetara bideoak igotzen hasi nintzenean. Jendearen babesa sentitu nuen orduan. 

Duela bi urte ekin nion hori egiteari. Instagramen hasi nintzen, eta Youtubeko kanala eta Tik Tok kontua ireki nituen gero. 

Proba moduan egin nuen. Gustuko nuen abestea eta ikusi nahi nuen ea jendeak gogoko zuen egiten nuen hori. 

“Urrats garrantzitsua eman nuen abesten eta sare sozialetara bideoak igotzen hasi nintzenean. Jendearen babesa sentitu nuen orduan”

Nolakoa izan da zure bilakaera abeslari moduan?

Oso ona. Bideoak plazatzeak aukera eman dit pertsona oso onak ezagutzeko, orain nire sostengu direnak. Amurrioko zein kanpoko jendeak jarraitzen du nire lana. Badago Murtziako familia bat nire abestia entzuten dituena eta liburua irakurtzen dagoena. Asko pozten nau horrek. Badago baita asko maite dudan jendea, musikari esker ezagutu dudana. 

Bertsioak egiten ditut batez ere, baina batzuetan saiatzen naiz nire abesti propioak plazaratzen.

Sare sozialetatik oholtza batera salto egitea pentsatu duzu noizbait?

Egona naiz oholtza baten gainean, Amurrioko Musika Eskolari esker. Gustatuko litzaidake zerbait gehiago egin ahal izatea. 

Hori guztia islatu duzu liburuan?

Bai, baina liburuaren helburu nagusia gure haurtzaroko “ni”-arekin konektatzea da, modu horretan topatu dezakegulako inspirazio gehien, aurrera jarraitu ahal izateko. 

Liburuak balio izan dit jakiteko jendeak ere musika gogoko duela eta nirekin konektatzen jakin izan duela. 
Harrera ona izan du, beraz.

Bai, nahiko positiboa. Jende askok esan dit hainbat aldiz jarraian irakurri duela, liburuak dituen zenbait sekretu deskubritzeko. 

Zertan lagundu dezake musikak gaztaroan?

Nik uste dut musikak balio duela ihesbide moduan. Abestiek bat egiten dute dituzun sentimenduekin. Horrek asko laguntzen  zaitu sentimenduak kanporatzerako orduan. 

Eskerrak eman nahi dizkiot bereziki Eiderri, nire bikoteari. Bera da liburua argitaratzeko pausoa ematera bultzatu nauena eta lagundu didana nire bizitzako beste hainbat proiektu aurrera ateratzen. Berari dedikatu diot liburua. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide