Bost abestiko EP laburra plazaratu dute Ziztada eta Rlantzek, KSMS izenekoa. Orain arte jorratutako bidetik aldendu da bikotea, bestelako musika estiloak uztartzeko: lo-fi, reggae edota R&B, besteak beste. Letretan ere eman dute saltoa, gai pertsonalagoak jorratzera pasatzeko.
‘Kosmos’ hitzari egiten dio erreferentzia diskoaren izenburuak. Izan ere, “kutsu espaziala” dute kantek, Taupaka elkartearen, diskoaren argitaletxearen, hitzetan. “Kanpo espazioarekin du lotura lan honek, entzun bitartean hausnarketarako tokia eraikitzen baita, bake sentimendu eta sentsazio lasaia transmititzen da eta horren ondorioz, mundu barneko estresa gogorarazi ordez, unibertsoaren lasaitasuna, iluntasuna eta handitasuna gogorarazten du”.
Egun hotzak lanarekin hasi zuen ibilbidea musika ekoizle amurrioarrak eta abeslari bilbotarrak osatutako bikoteak. Azken argiak diskoa plazaratu zuten gero, eta beste hainbat errekopilazio eta kolaborazio ere egin dituzte.