Amurrioko Olentzerok jakinarazi du jada noiz jaitsiko den herrira. Abenduaren 11n hasiko du txango sorta, Apdema elkartekoekin geratu baita. Datorren larunbatean San Roke parkera joango da. Alabaina, txartelak eskuratu beharko dira berarekin egoteko. Amurrioko turismo bulegoan egongo dira horiek eskura bihar eta etzi (abenduaren 9an eta 10ean, alegia).
Amurrioko Udalak ohartarazi duenez, jarduerak COVID-19 pandemiak eragindako osasun egoerara moldatuko dira, eta atzeratu edo bertan behera geratuko dira beharrezkotzat joz gero
Datorren igandean, abenduaren 19an, Goikomendiko txondorra zaintzen egongo da, aurreratu duenez. Hori dela eta, irteerak antolatu dituzte bertara, 10:30ean eta 11:15ean abiatuko diren bi txandetan. Aforoa kontrolatzeko, turismo bulegoan erosi beharko dira sarrerak, 2 euroren truke. Horretarako egunak ostegun eta ostirala izango dira, hilaren 9a eta 10, hain zuzen.
Eskoletan barrena igaroko ditu hurrengo egunak Olentzerok. Batetik, abenduaren 21ean Amurrioko ikastetxeetatik pasatuko da, eta 17:30ean Menagaraitik. Biharamunean jarraituko du itzulia, nahiz eta arratsaldean frontoian izango duen zita. Izan ere, ikazkinen laguntza izango du haurren eskutitzak jasotzeko, Zirika Zirkus konpainiaren Hemendikara ikuskizunaren ostean.
Hala, abenduaren 24an agurtuko ditu amurrioarrak Guk parkean, kalejirari bide emateko. Osasun egoerak ahalbidetzen badu, Felix Murga auzoan bukatuko du iluntzea, txokolate jan eta gaztaina erre artean. Olentzeroren kalejira osteko agur ekitaldia 18:30ean izango da Juan Urrutia plazan. Dena den, eguberri egunean -abenduak 25- edadetuen egoitzara hurbiltzeko asmoaz mintzatu da pertsonaia.
Amurrioko Udalak Hauxe Da aldizkarian ohartarazi duenez, jarduerak COVID-19 pandemiak eragindako osasun egoerara moldatuko dira, "eta atzeratu edo bertan behera geratu ahalko dira beharrezkotzat joz gero".