Gurasolagun eta Berbalagun programen baitan, lau ekintza egongo dira Amurrion datozen egunetan. Gaur hasiko da lehenbizikoa: neguko eskulanak. Hain zuzen, 17:30ean elkartuko dira Amurrioko Kultura Etxean. Ekitaldia 3 urtetik gorakoei bideratuta dago, "eta beharrezkoa da izena aurrez ematea". Horretarako, Whatsapp bidez mezua bidali behar da 607 673 744 telefono zenbakira.
Neguko eskulanak, argiarekin jolasak, musikoterapia familian eta helduentzako ipuin kontalaria proposatu dituzte, herritarren gozamenerako
"Mintzapraktika taldeetan eta antolatzen ditugun ekintza guztietan bermatuta daude segurtasun neurriak eta, era berean, COVID-19aren aurkako protokoloa aplikatzen dugu", ohartarazi dute antolatzaileek.
Neguko eskulanak, argiarekin jolasak, musikoterapia familian eta helduentzako ipuin kontaketak izango dira abenduko egitarauan nagusi.
Datorren astean, beste 2 ekintza egongo dira. "Argiarekin jolasean" esperimentu saioa AEKn egingo dute, abenduaren 13an , 17:30etik 19:30era. 1-3 urte bitarteko umeentzat dago pentsatua ekimena. 3 urtetik gorakoentzat, berriz, "Musikoterapia tailerra" deitu dute datorren larunbaterako, abenduak 18. Amurrioko euskaltegian elkartuko dira partaideak, 17:00etatik aurrera.
Azkenik, abenduaren 22an 80 amandre emanaldia eskainiko du Dorleta Kortazar ipuin kontalariak: "Helduentzako ipuinak dira, eta 18:00etan izango da ikuskizuna, Katekesi aretoan".
Ekitaldi guztiak doakoak dira, eta familian eta euskaraz gozatzea dute helburu.