Eusko Jaurlaritzak lursail bat esleitu dio Amurrioko Udalari disuasio-aparkaleku bat eraikitzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko abe. 15a, 15:22

Pedro Aspiazu Ogasun Sailburuak eta Txerra Molinuevo alkateak sinatu dute 1.900 metro koadroko lurzatiaren esleipena. Datorren urtean exekutatuko dute disuasio-aparkaleku berriaren obra. 60 autorentzako edukiera izango du.

Eusko Jaurlaritzak Amurrioko Justizia Jauregian kokatuta dagoen lursaileko 1.900 metro koadro esleitu dizkio udalari, bertan disuasio-aparkaleku bat eraikitzeko. Gaur sinatu dute akordioa Pedro Aspiazu Ogasun Sailburuak eta Txerra Molinuevo alkateak.

Disuasio-aparkalekuak 60 auto ingururentzako edukiera izango du, kopuru zehatza oraindik aurreratzerik izan ez duten arren. Honen eraikuntzak oinezkoen mugikortasuna sustatzea du helburu, bai eta trafikoa erdiguneko kaleetatik ateratzea ere. Izan ere, "hiri-irisgarritasuna" hobetze aldera, udalak erdiguneko bi kale oinezkoentzat bihurtuko ditu, Txerra Molinuevok azaldu duenaren arabera.

"Aparkaleku hau gune estrategiko batean dago, Amurrio Antzokiaren, anbulatorioaren, epaitegiaren edo udalaren ondoan, erreferentzia diren beste gune batzuen artean" azaldu du Molinuevok. Erdiguneko kokagune horri esker, herrira hurbiltzen diren pertsonek erraz aparkatzeko aukera izango dute, alkatearen  hitzetan. Molinuevok aipamen berezia egin die udalerriko Administrazio Batzarretako biztanleei. Aparkalekua publikoa eta doakoa izango da, eta ez dute murrizketarik edota ordutegi-mugarik aurreikusten.

Ogasun Sailarekin lankidetza

Txerra Molinuevok balioan jarri du Ogasun sailarekin eta, oro har, Eusko Jaurlaritzarekin izandako lankidetza, eta Pedro Aspiazu sailburuaren "papera" eskertu du. Aspiazuk, bere aldetik, positiboki baloratu du bi erakundeen arteko elkarlana, "ziur nago jarduketa honekin Amurrioko udalerriak eta eskualde osoak alkateak helarazi digun proiektuaz gozatu ahal izango duela".

Elexondo kaleko lursaila

Elexondo kaleko 31-33 zenbakien artean dago datorren urtean egikarituko den aparkalekua hartuko duen zorua. 1.900 metro koadroko lurzatia gaur egun Amurrioko Justizia Epaitegia hartzen duen 5.000 metro koadroko eremuaren barruan dago kokatuta. 1998tik Eusko Jaurlaritzak izan du lursail hori. Gauzak horrela, Justizia Epaitegiaren lursaila 3.000  metro koadrokoa izango da aurrerantzean, "etorkizunean handitzea bermatzeko nahikoa", adierazi dutenez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide