GAIZKA BARAÑANO

“Hunkigarria da lasterkariek gugan jarritako konfiantza, asko une zailak ari dira bizitzen”

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko abe. 16a, 14:15

Zazpi urtez Euskal Selekzioko hautatzailea izan da Gaizka Barañano amurrioarra. / Aiaraldea.eus

GAIZKA BARAÑANO (Amurrio, 1978) Euskal Selekzioko hautatzailea izan da orain arte, Federazioak alde batera utzi du eta. Asteburuan egin zuen eztanda albisteak: erabakiarekin desados, mendi korrikalariek ere ez dute Euskal Herria ordezkatuko datorren denboraldian.

2015ean hasi zen Gaizka Barañano mendi lasterketetako Euskal Selekziorako hautatzaile lanak egiten. Ultra-traileko selekzioaren gidaritza hartu zuen hasieran. Berak estreinatu zuen selekzioaren atal hori, aurreko urtean Euskal Herriko ultra-trail txapelketa irabazi zuen eta. Lehenengo urte hartan hautatzaile eta lasterkari lanak egin zituen, Espainiako Txapelketa lehiatu behar zuelako. Gerora selekzioaren gainerako ataletara egingo zuen jauzia.

Hiru atal desberdinetan ditu mendi lasterketetako selekzioak korrikalariak: Ultra-trail txapelketa lehiatzen dutenak, Espainiako Kopa lehiatzen dutenak eta Munduko Kopa lehiatzen dutenak. Azken biek denboraldiaren %100 bideratzen dute selekzioarekin lehiatzeari. Barañano hauen prestaketaz eta lasterketez zein bestelako baliabideez arduratzen da hautatzaile gisa. “Abenduan elkartzen ditugu hurrengo urtean selekzioaren parte izango diren lasterkariak, eta denboraldian izango dituzten lasterketak eta baldintzak zehazten ditugu; hala nola, lasterketen egutegia eta denboraldi horretarako onura eta laguntza desberdinak. Onura horien barruan sartzen dira bidaietako gastuak ordaintzea, esfortzu-probak egitea, arropa edota bestelako materiala erosteko laguntzak. Zentzu horretan selekzioko korrikalariek %50eko deskontua izan dute Beasaineko kirol denda batean”.

Talkak federazioarekin

2021eko martxoan sartu zen zuzendaritza berria Euskal Mendizale Federazioko gidaritzara. Une horretan bertan lehenengo trabak hasi zirela azaldu du Amurrioko hautatzaileak: “Zuzendaritza berriak hainbat neurri aplikatzea exijitzen digu, abenduan lasterkariekin adostutakoarekin bat ez zetozen neurriak. Martxoan, denboraldia hasita eta kirolariak entrenamenduetan murgilduta daudela, Munduko Kopan parte hartzeko dirurik ez zela egongo esan ziguten. Guk esan genien kirolarientzako laguntza ekonomiko hori aurreko zuzendaritzak onartutako aurrekontuetan zegoela eta errespetatu beharra zegoela”.

Horrelako talka gehiago deskribatu ditu Barañanok; tartean, denboraldiaren erdian, Beasaineko dendarekin zegoen hitzarmena eteteko Federazioak hartutako erabakia. “Selekzioko korrikalariek ezinbestekoa dute materiala erosteko laguntza. Goi mailako kirolariak dira, askok hilabetean zapatila pare berri bat erosi behar izaten dute”.  Talka guzti horietan hautatzaileek eman behar izan dizkiete azalpenak lasterkariei: “Hautatzaileak izan gara denboraldi guztian Federazioko zuzendaritzaren erabakien aurrean aurpegia eman behar izan dugunak”.

“Hautatzaileak izan gara denboraldi guztian Federazioko zuzendaritzaren erabakien aurrean aurpegia eman behar izan dugunak”

Egoerak eztanda egin zuenekoa

Giro gaiztotu horretan egin behar izan dute lan aurtengo denboraldian selekzioko hautatzaile eta kirolariek, baina egoerak okerrera jo zuen denboraldi amaieran. “Deia jaso nuen Federaziotik irailean; ahalegina egin eta selekzioko kideek Munduko Kopa amaitzeko geratzen ziren lasterketa guztietan parte hartu behar zutela esan ziguten. Ez genuen ezer ulertzen, martxoan ez zegoen dirurik eta orain guztietan egon behar ginen derrigorrez”. Barañanok azaldutakoaren arabera, Federazioak nazioarteko gastua justifikatu behar zuen datorren urtean diru-laguntza bat eskuratzeko, berandu ohartu ziren eta presioa sartu zioten selekzioari Munduko Kopan ahalik eta gehien lehiatzeko.

Une horretan Munduko Kopako hiru lasterketa geratzen ziren: “Ez dago maila horretako hiru lasterketa jarraian korrika egiterik. Kirolarien osasuna dago jokoan”.

Federazioak, hautatzaile eta kirolariei bizkar emanda, selekziotik kanpoko lasterkariak eraman zituen Madeiran lehiatu behar zen lasterketa horietako batera, Euskal Selekzioko elastikoarekin. Gainera, Italian ospatu zen azken lasterketara joateko ere trabak jarri zituen Federazioak: “Hasieran ahalik eta kirolari gehien bidaltzea exijitu ziguten. Behin lasterkariak konfirmatuta genituela, ezetz, erdia joan zitekeela soilik.Kirolari hauek ez dira honetaz bizi, egun libreak eskatu behar dituzte lanean, esfortzu handia eskatzen du. Federazioak ezin du horrela jokatu”. Egoerak eztanda egin zuen Italiako lasterketaren ostean, eta bi hautatzailek uko egin zuten, Federazioaren jarreraz nazkaturik.

“Ondo egin duzue, baina...”

Asier Arregi eta Gaizka Barañano geratu ziren hautatzaile. Abendu hasieran, datorren urtean egoera hau ez errepikatzeko asmoz, selekzioko kideekin baldintza batzuk prestatu zituzten, 2022ko denboraldiari begira. “Ezin izan genizkion zuzendaritzari aurkeztu. Eurekin egin genuen hurrengo bileran, ezer esan aurretik, selekzioko proiektutik kanpo geundela esan ziguten. Ondo egin genuela, baina zuzendaritza berria zirela, eta beste proiektu bat garatu nahi zutela. Ez zizkiguten azaldu gure akatsak, ezta euren proiektua zein zen ere ez. Sare sozialetatik enteratuko ginela”.

"Ondo egin genuela, baina zuzendaritza berria zirela eta beste proiektu bat garatu nahi zutela. Ez zizkiguten azaldu gure akatsak, ezta euren proiektua zein zen ere ez. Sare sozialetatik enteratuko ginela”

Proiektua kinka larrian

Euskal Selekziotik kanpo geratu dira hautatzaileak, eta, hauekin, batera, mendi lasterkariek ere uko egin diote datorren urtean selekzioko elastikoa eramateari: “Egoera gogorra da. Oso gogorra da kirolariek hartutako erabakia: munduko lasterketa onenetan beraien herria ordezkatzeari uko egin diote, proiektu konpartitu baten defentsan. Oso hunkigarria da gugan jarri duten konfiantza, jakin badakit asko une zailak ari direla bizitzen”.

Urte luzez daramate selekzioaren proiektua lantzen, eta egindako lana arriskuan ikusten du orain Barañanok: “Mundu mailan erreferentziazko talde bat osatu dugu, 60 kirolari baino gehiago igaro dira bertatik azken urteetan, garaipen asko erdietsi dira eta urrats handiak eman dira ofizialtasunaren alde. Ikusteke dago zuzendaritza berriak zer aurkezten duen, une honetan ez du ezer esku artean”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide