43.000 euro baino gehiago bideratu ditu Espainiako Gobernuak Laudio, Amurrio, Artziniega, Aiara eta Okondora emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatu eta indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko. Hala azaldu du PSE-EEk prentsa-ohar baten bidez.
Alderdi sozialistaren arabera, Genero indarkeriaren aurkako Estatu Itunak “administrazio publiko guztientzako neurri orokorrak eta gomendio zehatzak” barnebiltzen ditu, eta urteroko “konpromiso ekonomiko” bat ere jasotzen du, udalei laguntzeko zehaztutako zereginak betetzen.
Gauzak hala, Pedro Sanchezen gobernuak eginiko lana goraipatu du alderdiak, eta pozik azaldu da eskualdera bideratuko den partidarekin, “instituzioen arteko elkarlanaren, entitate lokalekiko konfiantzaren eta udal-autonomiarekiko errespetuaren” seinale delako.