Agerraldia egin dute gaur goizean Amurrioko Udaletxeko pleno aretoan, datorren ostegunetik ostiralera bitartean egingo den Babio Igoera aurkezteko. Hainbat elkarte eta erakundeetako ordezkariek hartu dute parte prentsaurrekoan.
Txerra Molinuevo alkatea izan da hitza hartzen lehena, eta jarraian pasatu dio hitza Imanol Llano Hernaizi, Amurrio Trail Taldeko presidenteari. Talde hori arduratzen da ekimena antolatzeaz, baina beste eragile ugari ditu bidelagun: “Ohiko dinamika jarraituko dugu. Abenduaren 23an, osteguna, abiatuko da ‘Babio non stop’ erronka, 18:00etan”, azaldu du Llanok.
Babio Igoera egingo dute ostegun eta ostiralean Amurrion. Gaur aurkeztu dute ekimena @AmurrioUdala -ean. @AmurrioTrail taldeko Axier Vivancok azaldu dizkigu ekimenaren nondik norakoak pic.twitter.com/YLpwlTiN6y
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) December 20, 2021
Hortik aurrera, orduro egingo dute irteera bat Juan Urrutia plazatik mendiraino, biharamuneko goizeko hamarrak arte. Orduan egingo da igoera jendetsuena, aniztasun funtzionala duten hainbat kiderekin. Parte hartzaileek Olentzero izango dute zain tontorrean. Ondoren, txistorra eta txokolatea hartzeko aukera egongo da, 13:00etan.
Montes Solidarios erakundeko kideek ere hartu dute hitza agerraldian. Aurreratu dutenez, aniztasun funtzionala duten ahalik eta persona gehien igoko dira ostiralean Babiora, baina azken unera arte ez dute jakingo zehazki zenbat lagunek hartuko duten parte, COVID-19ak eragin handia izan duelako taldearen egunerokoan.
Bildutako dirua, Adela elkartearentzat
Proban parte hartzeko izena eman beharko da Euskal Mendizale Federazioaren webgunean. 10 euroko laguntza eman beharko inskripzioa egitera orduan. Izan ere, elkartasun ekonomikoa ematea da ekimenaren xede nagusietako bat. Aurten Adela E.H. erakundeari emango diote bildutako dirua, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (ELA) duten pertsonen elkarteen federazioari, alegia.
Erakunde horretako kideak ere bertaratu dira gaurko aurkezpenera. Salatu dutenez, oso diru gutxi bideratzen da ELA gaixotasuna ikertzera, “farmazeutikei ez zaielako errentagarria suertatzen”.
La Caixako ordezkari bat ere egon da ekitaldian, kutxa horretako fundazioa baita ostegun eta ostiralean egingo de ekimenaren babeslea. Zigor Egiak ere parte hartu du aurkezpenean, eta hainbat segurtasun irizpide partekatu ditu Euskal Mendizale Federazioaren partetik, mendira igotzerako orduan kontuan izan beharrekoak:
@Emffvm -ko Zigor Egia ere bertaratu da Babio Igoeraren aurkezpenera. Ekimenean parte hartzeko segurtasun gomendioak eman ditu pic.twitter.com/ZEdHxAtV6O
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) December 20, 2021
Enrique Arberasen erronka
Enrique Arberas ere egon da gaur Amurrioko Udaletxean. Biologo amurrioarrak erronka bat burutuko du Babio Igoeran: ostegunetik ostiralera bitartean egingo diren igoera guztietan hartuko du parte. “18 orduz jarraian arituko naiz ibiltzen”, zehaztu du.
Orain, gainera, are motibazio gehiagorekin egingo du proba. Izan ere, ostiralean bere lagun Adolfo Tejerina hil zen, eta berarekin batera egingo zuen proba. “Hiru urte zeramatzan ELA gaixotasunarekin eta kasualitatez hil zen ostiralean, COVID-19ak jota. Horrek are hunkigarriagoa egingo du erronka. Baina, era berean, motibazio gehiagorekin helduko diot helburuari: ELA gaitxotasuna ikustaraztea, oso gaitz krudela baita”.