2019an abiatu zituzten xake klaseak Bañueta auzoko Gizarte Etxean, baina pandemiak ikasturtea amaitzea galarazi zien. Orain, aldiz, berriz heldu diote ekimenari. Urtarriletik martxora iraungo du ekimenak, eta ireki dute dagoeneko izena emateko epea, urtarrilaren 12ra arte. Matrikulak 30 euro balioko du, eta xake.amurrio@gmail.com helbidera mezua bidalita osatu daiteke.
Haur zein helduentzako
Adin guztietako bizilegunei luzatu diete saioetan parte hartzeko gonbita. Haurrek asteazkenetan (17:00-18:00) eta ostegunetan (17:15-18:15 eta 18:15-19:15) izango dituzte klaseak. Gazte eta helduek, ordea, asteartean izango dituzte klaseak, 18:00etatik 19:00etara.
Saioen dinamika honakoa izango da: irakasleak argibideak emango ditu lehenbizi, eta partidak jokatuko dituzte gero bertaratutakoen artean. Ostegunetan, aldiz, 19:00etatik 20:30era batuko dira, jokoarekin jarraitzeko.