Sei proposamen aurkeztu ditu Amurrioko EH Bildu udal taldeak Europako funtsen barruan abian jarri diren deialdietara aurkezteko aukera baloratzeko. Proiektu gehienek trantsizio energetikoa bultzatzea dute helburu. Hiru alor nagusitan banatu dituzte proposamenak: energia berriztagarriak, birgaitzea eta mugikortasun elektrikoa.
Hauek dira udal-taldearen proposamenak:
- Amurrioko udal-eraikinetan galdaren ordez biomasa-galdarak jartzea.
- Udal-ekipamenduen leihoak eta ateak modernizatzea energia alferrik ez galtzeko.
- Udal-estalki guztietan plaka fotovoltaikoak jartzea.
- Izartzako basozainaren etxe zaharra birgaitzea ingurumen-zentro bat egiteko.
- Aresketamendi energia berriztagarrien parke gisa birgaitzea.
- Ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune publikoak jartzea.
"Gure baliabideak mugatuak dira, eta horregatik uste dugu Amurriok ezin duela galdu horrelako proiektuak finantzatzeko Europako funtsekin irekitzen den aukera”, azaldu du Iñaki Ibarluzea Amurrioko EH Bilduko bozeramaileak proiektuak aurkezterako unean.
Diru-laguntza jaso dezaketen egitasmoen inguruko informazioa partekatzeko batzarrak deitzea eta Administrazio Batzarren zein herriko eragileen ekarpenak jasotzeko espazioak sortzea ere proposatu du talde politikoak. "Proiektu horien edo beste batzuen definizioa ez da gobernu-taldearen esku geratu behar, gobernu-taldeak betoa jarri baitio gai horri buruzko informazioari", azaldu du Ibarluzeak.
COVID-19ak eragindako krisiari erantzuteko sortu ditu Europar Batasunak Europako funtsak, eta Batasuneko herrialdeen artean banatuko da dirua. Espainiar Estatura 140.000 milioi euro iritsiko dira. Euskal Autonomia Erkidegoan Jaurlaritzak osatutako 'Euskadi Next' programaren barruan banatuko dira partidak, enpresen eta tokiko erakundeen artean.