Urte bizia izan da 2021a, pandemiak erabat baldintzatutakoa. Zer balorazio egiten duzue udaletik? Buruan zenituzten erronka guztiak bete ahal izan dituzue edo baten bat geratu zaizue tintontzian?
Aurreko urtearekin alderatuta balorazioa positiboa da, 2020.urtea oso gogorra izan zen. Aurten pixkanaka pixkana hainbat ekintza eta ekitaldi berreskuratzen joan gara eta jendearengandik jasotako erantzunak positiboak izan dira.
Zabaleko Eskolaren balizko itxieraren gaia izan da Amurrioko 2021eko albiste esanguratsuenetako bat. Hainbat inbertsio iragarri dituzue eskola horretan duela gutxi. Ikastetxea irekita mantentzea ziurtatua dago?
Horren aldeko apustua egin dugu hasieratik eta horren adierazle dira aurreikusita dugun 168.979 euroko inbertsioa. Alde batetik, igotzeko plataforma bat instalatzeko proiektua, baita galdara ordezkatzea eta kirol-kantxaren eraikineko iragazketak konpontzea. Horrez gain, eskolako jolastokia egokitzeko lanekin jarraituko dugu, patio inklusiboak sustatzeko.
“Zabaleko Eskolaren aldeko aldeko apustua egin dugu hasieratik eta horren adierazle dira aurreikusita dugun 168.979 euroko inbertsioa”
Zer moduz daramazue 2022ko aurrekontuen osaketa? Noiz onartzea aurreikusten duzue?
Azarotik daramagu 2022ko aurrekontuetan lanean eta aurreikusita dugu urtarrilean kontuak aurrera ateratzea.
Zeintzuk izango dira udalaren 2022ko plangintzako ildo nagusiak?
Datorren urtera begira udal plangintzaren barruan dugun ildorik garrantzitsuena pertsonak helburu izatea izango da. Hau da, aurrera eramango ditugun politika guztien erdigunean Amurrioko familiak izango ditugu. Horrez gain, parte hartze prozesu ezberdinetan, auzoko batzarrak edota aurrekontu partehartzaileetako proiektuak egiten hasiko gara eta baita estrategikoak diren hainbat proiektu ere, esaterako, ludoteka, skate parkea, irisgarritasuna hobetzea, Foru Planeko proiektuak... beste askoren artean.
Oposizioko taldeek hainbat ekarpen egin dituzte aurrekontuei begira. Uste duzue akordioren bat posible izan ahalko litzatekeela 2022ko aurrekontuei begira?
Urtero bezala, akordioetara heltzearen aldekoak gara Udal Gobernu taldetik eta egindako ekarpenak kontuan izango ditugu.
Hainbat obra ere daude mahai gainean, merkatu zaharreko proiektua kasu. Horietako baten bat ikusi ahalko da 2022an?
Datorren urtean merkatu zaharraren eta eguneko zentroaren zein etxebizitza komunitarioaren proiektuak idatziko dira, 2023an obrak hasi ahal izateko. Horrez gain, datorren urtean beste obra batzuk egiteko asmoa dugu; hala nola, aurrekontu parte-hartzaileetatik ateratakoak, ludoteka edo epaitegiko aparkalekua, besteak beste.
“Azarotik daramagu 2022ko aurrekontuetan lanean eta urtarrilean onartu nahi ditugu”
Ildo beretik, zeintzuk uste duzu izango direla Amurriok herri bezala 2022rako izango dituen erronka nagusiak?
Aurreko bi urteetan moduan, COVID-19ak eragindako egoerari aurre egiten jarraitu beharko diogu, hori izango da aurretik dugun erronkarik handienetarikoa. Osasunaren, jarduera ekonomikoaren eta kulturaren eta kirolaren arteko oreka egiten jarraituko dugu.
Duela urtebete hartu zenuen Amurrioko alkatetza. Nolako esperientzia izaten ari da? Legealdi amaierara arte egoteko indarrekin?
Esperientzia polita eta ilusioz beterikoa izaten ari da, eta erantzukizun handikoa, baina indar handiz nago aurrera jarraitzeko eta Amurrioren alde eta Amurriorentzat lan egiteko.
Zer mezu helarazi nahiko zenieke herritarrei?
Eskerrak eman nahi dizkiet Amurrioko bizilagunei pandemia honen aurrean erakutsi duten erantzukizunagatik. Ez dira hilabete errazak izan, baina pixkanaka egoera honetatik ateratzen hasi gara, eta hori guztion artean izan da posible. Azken ahalegin bat eskatzen dizuet datorren urtea amaitzen ari garena baino hobea izan dadin. Eskerrik asko bihotz-bihotzez.