Euskadiko Txapeldunak izan zarete duela gutxi. Zein izan da zuen ibilbidea judoan?
Ziortza Gaydou: Nire lehenengo urtea da haur kategorian eta lehen aldiz izan dut aukera Euskadiko eta Espainiako Txapelketetan parte hartzeko. Euskadiko Txapelketan ez zegoen beste inor nire pisuan. Hortaz, txapelduna izan nintzen. Espainiako Txapelketan, ordea, bigarren postua lortu nuen. Esperientzia oso ona izan da. Hiru borroka izan nituen eta hirugarrenean galdu nuen.
Uste nuen lehenengo lehian galduko nuela, oso urduri bainengoen. Hala ere, lurrera bota nuen aurkaria eta puntuetan irabazi nuen. Borroka irabazi ostean, indar berriekin ekin nion bigarrenari eta lehiakidea lurrera bota ez ezik, immobilizatu ere egin nuen, ippona eginda.
Dena den, finalean nire aurkaria nor izango zen ikusi nuen eta urduri jarri nintzen berriro. Uste dut horrek eragin zuela. Ez dut esan nahi bestea oso ona ez zenik, alderantziz, ikusi nuen nola entrenatzen zuen bere taldekideekin eta bikaina zen.
Olaia Barinaga: Ni bigarren aldiz joan naiz Espainiako Txapelketara. Euskadiko Txapelketa irabazi nuen horretarako. Bi borroketan gailendu nintzen nahiko modu errazean, ipponak eginda garaitu nituen biak, eta pozik nago horregatik.
Espainiako Txapelketan, aldiz, ez nuen ezer lortu, saiatuko gara hurrengo urtean hobetzen. Esperientzia guztiz berria ez zenez, saiatu naiz lasai egoten eta gozatzen. Dena den, urduri jarri nintzen eta, nire ustez, horregatik galdu nuen, irabazteko aukerak izan arren. Hala ere, esan beharra dago nire aurkaria neska gogorra zela.
Zenbat denbora daramazue judo egiten?
Z. G.: Bost urte nituenetik. Urtebetez utzi nuen, pandemiaren ondorioz, baina berreskuratu dut. Hasi nintzen nire nebak, bost urte nagusiagoa dena, egiten zuelako. Etortzen nintzen bera ikustera eta bost urte bete nituenean izena eman nuen. Gogoko ditut horrelako kirolak, defentsan oinarrituak.
"Estresa kentzeko oso lagungarria da judo egitea"
O. B.: Ni ere bospasei urterekin hasi nintzen. Nire lehengusinek praktikatzen zuten eta nire gurasoek pentsatu zuten ideia ona zela nire ahizpak eta biok judo egitea. Nire ahizpak ez zuen hain gogoko izan eta utzi zuen, baina ni oso gustura nabil. Oso aproposa da estresa kentzeko eta oso pozik nago.
Zer da gehien gogoko duzuena judoan eta zein zuen indargunea?
Z. G.: Ez da kirola bakarrik. Ez dizute soilik irakasten indarra nola erabili, bizitzarako irakaspenak eskaintzen dizkizute. Nire alderik onena kirol honetan hankak dira, giltzak egiteko erabiltzen baititut. Aldaka ere asko baliatzen dut. Bestalde, entrenatzaileak dira onenak. Txikitatik ezagutzen ditut eta oso onak dira.
Nik jarraitu nahi dut eta Espainiako Txapelketan berriro parte hartu. Badakit zaila izango dela, Euskadiko Txapelketa berriro irabazi behar baitut horretarako.
O. B.: Nik oso gogoko ditut lehiaketak eta lagunak ikustea. Oro har, dena ondo dago eta defentsa pertsonala ikastea ere positiboa da. Horrez gain, motibazioa eta adrenalina ematen dizkit. Ezin dut erantzun zehatza eman.
Nire indarguneen artean daude mugitzeko gaitasuna eta nire hanka luzeak. Izan ere, horri esker, erraza suertatzen zait giltzak egitea. Itotzeak egiten ere ona naiz, nahiz eta asko ez egin.
Nik ez daukat asmorik judoa uzteko edota lehiaketetan parte ez hartzeko. Horrek motibazio handia sortzen dit, esperientzia berriak ematen dizkit eta ikasteko balio dit. Gainera, lagunak egiten ditut.
"Irakasleen eta ikasleen arteko harremana paregabea da"
Bestalde, klubean harremanak oso onak dira eta horrek entretenigarria egiten du dena. Gainera, entrenatzaileak bikainak dira eta beti daude pozik. Irakasle-ikasle harremana paregabea da.
Zer moduz giroa Euskadiko taldekideekin?
Z. G.: Nire kasuan ez nuen inor ezagutzen, baina hotelean bazkaltzen eta afaltzen izan nuen aukera horretarako eta lagunak egin nituen.
O. B.: Giroa oso ona da selekzioan. Txapelketetan ikusten ditut eta entrenatzen ere. Oso harreman ona daukagu, zorionez.