Alarmak piztu dituzte gaur gauean Amurrion, Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrek Auzitegi Gorenaren ebazpena egun batetik bestera jaso dezaketela ohartarazteko.
Horretarako, sirenak eta argi gorriak piztu dituzte ANkerkeriari STOP plataformako kideek herriko hainbat txokotan, eta dozenaka lagun aritu dira eskuorriak eta pegatinak banatzen, bi gazteen kasua aditzera emateko asmoz.
Plataformak, berehalako ebazpenaren zain egon gabe, antolatzeko deia zabaldu du, bai herri ekimenez prozesuak eragindako gastuei aurre egiteko dinamiketan ekarpena eginez, baita datozen asteetan egingo diren mobilizazio eta egitasmoetan parte hartuz.
Galder eta Aitorren kasua
2019ko otsailean atxilotu zituen Ertzaintzak Barbado eta Zelaia, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Sei hilabete egon ziren preso Darocako (Zaragoza) espetxean, 2019ko abuztuan baldintzapean eta epaiketaren zain aske geratu ziren arte. ANkerkeriari STOP herri plataformak bideoa plazaratu du kasuaren nondik norakoak laburbilduz:
2019-2022... Nola iritsi gara honaino?
— ANkerkeriariStop (@ANkerkeriaSTOP) January 19, 2022
Llamamos a organizarse ante la inminente resolución que puede llegar en cualquier momento contra Aitor y Galder.
Bihar izan daitekeelako,
AITOR ETA GALDER ASKE! #ANkerkeriariSTOP pic.twitter.com/rmZCE4VtJr
Iazko urtarrilean epaitu zituzten bi gazte arabarrak. Jose Perals fiskalak (Altsasuko gazteen kasuko berdinak) 8 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko baldintzapeko askatasuna eskatu zuen bi gazteentzat. Angela Murillo izan zen epailea, Bateragune auzia zuzendu zuena.
Murillok lau urteko espetxe zigorra, urte bateko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zien Barbado eta Zelaiari, "lehergarriak egiteko elementuak gordetzea" egotzita, Dura herrian topatutako bidoi bat dela eta.