Neguko zeharkaldia antolatu du seigarrenez Mendiko Lagunak elkarteak. Asteburu honetan izango da txangoa, eta zeharkaldia zein eski alpinoa egiteko aukera eskainiko dute. Gainera, deskontuak izango dituzte 25 urte baino gazteagoek (%50) eta 26-30 urte bitartekoek (%25). Gainontzekoentzat, prezioa 35 eurokoa (bazkideentzat) izango da, eta ez-bazkideentzat 45€ balioko ditu irteerak.
Mendiko Lagunak taldeak sare sozialetan zein webgunean zabaldu du berria: "Astunera goaz. Elur-erraketekin edo mendi-eskiekin gidatutako ibilbideak egiteko aukera egongo da. Halaber, nahi duenak eski alpinoa egin ahal izango du pistetan".
Pic des Moines eta Astuneko gailur inguruetan ibiltzekoak dira, aurreratu dutenez. Partaideei begira, ordea, derrigorrezko materiala zein izango den zehaztu dute: erraketak, kranpoiak, pioleta eta bastoiak. Dena den, interesa duenak elkartearen egoitzan galde dezake, materiala alokatzen dute eta.
