Oinezkoentzako hiru ibilbide egokituko ditu Amurrioko Udalak San Roke, Zabalibar eta San Jose auzoetan. Udalak adierazi duenez, auzoetako batzarretan eskatutako hobekuntzak dira lan hauek, eta orotara 26.000 euroko kostua izango dute.
Hilabete amaieran abiatuko dituzte lanak eta, aurreikusitakoaren arabera, otsaila bukaeran amaituko dituzte.
San Roke eta Zabalibar auzoetan oinezkoen ibilbidea markatzen duten lerroak berriro margotu eta seinale horizontal eta bertikalak jarriko dira, baita oinezkoen pasabideak eta gelditzeko lerroak ere.
Gauzak horrela, San Rokeko ibilbideak 530 metro luze eta 1,5 metro zabal izango ditu. Zabalibarrekoak, berriz, 270 metro luze eta 2 metro zabal.
San Jose auzoko Arenalde kalea noranzko bikoitza izatetik noranzko bakarra izatera igaroko da
Arenalde kalea
San Jose auzoko Arenalde kalean egingo dituzte lanik esanguratsuenak. 2 metroko zabalera izango duen oinezkoentzako 185 metroko ibilbidea egingo da bertan, galtzada asfaltatzeko lanak baliatuta. Horren ondorioz, Arenalde kaleko ibilgailuentzako erraiak 5 metroko zabalera izango du, eta noranzko bikoitza izatetik noranzko bakarra izatera igaroko da, Bilborako noranzkoa, hain zuzen.