Bihar bozkatuko dute Amurrioko udalbatzan 2022ko aurrekontuen proposamena eta EH Bilduk iragarri du udal gobernu taldearen proiektuaren aurka egingo duela. Koalizioak azaldu du 14 neurri zehatz aurkeztu zizkiola EAJri bere babesa eskuratzeko eta jeltzaleek ez dituztela onartu.
Hain zuzen, aldaketa horien balioa 800.000 euro gorakoa zen. "Horien artean nabarmentzekoak ziren Amurrio deskarbonizatzeko azterlan bat egitea, Izarza eta Aresketamendi berreskuratzea, mugikortasun elektrikoa errazteko karga-puntuak jartzea, Landakotik tren-geltokirako sarbideak hobetzea edota gazteen emantzipaziorako laguntzak abiatzea", argitu du EH Bilduk.
Sozialisten babesa aurrekontuetan
Edonola ere, EAJk aurrekontuek aurrera egitea lortuko du, PSE-EEko zinegotziaren bozari esker, EH Bilduk aipatu duenez: "Negoziazioaren hasieratik argi geratu zitzaigun EAJri ez zitzaiola interesatzen EH Bildurekin akordio batera iristea, oposizioko lehen indarra albo batera utzi nahi zuela eta beste alderdi politiko batzuekin akordioak egin".
Hori dela medio, Mariano Alava taldeko kideak honakoa adierazi du: "Udal Gobernuak ez du ikuspegi estrategikorik, ez du Amurrioko planik, ezta Europako funtsetarako proposamenik ere. Ez zaintzarik, ez gazterik, ez berdintasunik, ez kirolik, ez adinekorik, ez enplegurik, ez mendi publikorik, ez administrazio-batzarrik".