Zer nolako egoera bizi da Osakidetzako lehen arretan? Galdera horri erantzuna emango diote Amurrioko osasun zentroko profesionalek Pertsona Nagusien Kontseiluarekin elkarlanean antolatutako topaketan. Otsailaren 3an izango da hitzordua, 18:00etan, Amurrio Antzokian. Antolatzaileek udalerriko pertsona nagusi orori luzatu diote bertaratzeko gonbita.
Egitasmoa osasun zentroko profesionalek sustatua dela azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Amurrioko Pertsona Nagusien Kontseiluko kide den Felipe Zilonizaurrekoetxeak. Azken hilabetetan ugariak izan dira udalerriko pertsona nagusiek Amurrioko anbulategiaren aurrean "kalitatezko osasun sistema publiko baten alde" egindako mobilizazioak, eta elkarretaratze horietan lehen arretarekiko mahaigaineraturiko kezkak eta zalantzak argitu nahi dituzte Osakidetzako langileek. "Lehen arretak bizi duen egoera zein den kontatuko digute zuzenean" adierazi du Zilonizaurrekoetxeak.
"Osasun profesionalak gainezka daude, %50 handitu dute lan karga. Egoera jasanezina dela adierazi digute"
Lehen arreta gainezka
Hain zuzen ere, Osakidetzako lehen arreta gainezka dagoela adierazi diote Amurrioko Osasun Zentroko profesionalek Pertsona Nagusien Kontseiluari: "Koronabirusaren 6. olatuak saturatu egin du osasun sistema publikoko lehen arreta. Osasun profesionalak gainezka daude, %50 handitu dute lan karga. Egoera jasanezina dela adierazi digute", azaldu du Felipe Zilonizaurrekoetxeak.
Lehen arretaren kolapsoak pertsona nagusien artean kezka eta ezinegona sortu du, Zilonizaurrekoetxearen arabera: "Askotan telefono deiek ez dute erantzunik jasotzen osasun langileak ez direlako guztiak artatzeko gai. Gainera, internet bidezko arreta eta kudeaketa ez da gauza erraza adineko pertsonentzat. Hori dela eta, pertsona nagusi askok anbulategira jotzen dute zuzenean eta inbutua estutu egiten da bertan".
Aurrera begira
Otsailaren 3ko hitzorduaren helburua da pertsona nagusien zalantza guzti horiei aterabidea ematea, baita lehen arretak bizi duen egoera larriaren aurrean sektoreen arteko elkarlana sustatzea ere. Osasun zentroko profesionalek hamabostean behin elkartzea proposatu diote Amurrioko Pertsona Nagusien Kontseiluari, kalitatezko lehen arreta sistema publiko baten defentsan urratsak ematen jarraitzeko.