Osasun zentroko profesionalekin elkartuko dira Amurrioko nagusiak pandemiaren inguruko kezkak elkartrukatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko urt. 26a, 12:52
Osasun zentroan egindako elkarretaratzeetatik abiatuta jaso zuten topaketa antolatzeko proposamena. / Maddi Isasi Azkarraga

Amurrioko Pertsona Nagusien Kontseiluak topaketa antolatu du udalerriko osasun zentroko profesionalekin batera. Lehen arretan dauden gabezien inguruan eztabaidatuko dute. Aurrera begira, gisa honetako ekimen gehiago egitea aurreikusi dute ere; "kalitatezko osasun sistema publiko baten alde".

Zer nolako egoera bizi da Osakidetzako lehen arretan? Galdera horri erantzuna emango diote Amurrioko osasun zentroko profesionalek Pertsona Nagusien Kontseiluarekin elkarlanean antolatutako topaketan. Otsailaren 3an izango da hitzordua, 18:00etan, Amurrio Antzokian. Antolatzaileek udalerriko pertsona nagusi orori luzatu diote bertaratzeko gonbita.

Egitasmoa osasun zentroko profesionalek sustatua dela azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Amurrioko Pertsona Nagusien Kontseiluko kide den Felipe Zilonizaurrekoetxeak. Azken hilabetetan ugariak izan dira udalerriko pertsona nagusiek Amurrioko anbulategiaren aurrean "kalitatezko osasun sistema publiko baten alde" egindako mobilizazioak, eta elkarretaratze horietan lehen arretarekiko mahaigaineraturiko kezkak eta zalantzak argitu nahi dituzte Osakidetzako langileek. "Lehen arretak bizi duen egoera zein den kontatuko digute zuzenean" adierazi du Zilonizaurrekoetxeak.

"Osasun profesionalak gainezka daude, %50 handitu dute lan karga. Egoera jasanezina dela adierazi digute"

Lehen arreta gainezka

Hain zuzen ere, Osakidetzako lehen arreta gainezka dagoela adierazi diote Amurrioko Osasun Zentroko profesionalek Pertsona Nagusien Kontseiluari: "Koronabirusaren 6. olatuak saturatu egin du osasun sistema publikoko lehen arreta. Osasun profesionalak gainezka daude, %50 handitu dute lan karga. Egoera jasanezina dela adierazi digute", azaldu du Felipe Zilonizaurrekoetxeak.

Lehen arretaren kolapsoak pertsona nagusien artean kezka eta ezinegona sortu du, Zilonizaurrekoetxearen arabera: "Askotan telefono deiek ez dute erantzunik jasotzen osasun langileak ez direlako guztiak artatzeko gai. Gainera, internet bidezko arreta eta kudeaketa ez da gauza erraza adineko pertsonentzat. Hori dela eta, pertsona nagusi askok anbulategira jotzen dute zuzenean eta inbutua estutu egiten da bertan".

Aurrera begira

Otsailaren 3ko hitzorduaren helburua da pertsona nagusien zalantza guzti horiei aterabidea ematea, baita lehen arretak bizi duen egoera larriaren aurrean sektoreen arteko elkarlana sustatzea ere. Osasun zentroko profesionalek hamabostean behin elkartzea proposatu diote Amurrioko Pertsona Nagusien Kontseiluari, kalitatezko lehen arreta sistema publiko baten defentsan urratsak ematen jarraitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide