Euskadi Quidditch elkarteak Inauteri Quidditch Kopa egingo du Amurrioko Refor kirolgunean otsailaren 12an. Jarduera 10:00etan hasiko da eta 19:00etan amaitzeko asmoa daukate. Gainera, elkarrekin bazkalduko dute parte-hartzaileek, Rugbyaren 3. zatia oinarri eta inspirazio izanda.
Andoni Aranguren elkarteko presidenteordeak azaldu du jadanik 40 lagunek eman dutela izena eta interesdunek epea irekirik dutela oraindik. Hemen egin daiteke inskripzioa. Euskal Herriko Quidditch jokalariak ez ezik, Espainiako Estatukoak ere egongo dira Amurrion, Katalunia, Galiza edota Madrilgoak. Jadanik existitzen diren taldeetan aritzen ez direnek ere izango dute parte hartzeko aukera, talde propioa eratuta.
Euskadi Quidditch Elkarteak azpimarratu du ez duela bat egiten J. K. Rowling idazlearen iritzi transfoboekin eta LGTBIQ+ kolektiboaren parte dela.
Hala eta guztiz ere, hasiberriek ez dute inolako arazorik izango, Arangurenek argitu duenez: "Master-class txikia eskainiko dugu partidak baino lehen, arauak azaltzeko". Antolatzaileak azpimarratu du ez dela beharrezkoa ekipamendu berezirik eramatea, soilik kirol arropa eta, posible balitz, kamiseta koloredunak (berdea, gorria, zuria...) taldekideek kolore berdinak defendatzeko.
Harrera ona Amurrion
Elkarteko kideek erabaki dute topaketa Amurrion egitea udalak kirol azpiegiturak egun osoz erabiltzeko aukera eskaini dielako. Ideia, berez, Bizkaiko taldeko kide bat herrian bizi delako sortu zen. EAEn 3 klub daude eta ahal dutenean Burgoseko edo Madrilgo kirolariekin neurtzen dituzte indarrak.
Harry Potter-en zalea izateko beharrik ez
Andoni Arangurenek nabarmendu du 'Harry Potter' eleberri eta pelikula sagen jarraitzailea izatea ez dela derrigorrezkoa Quidditchean aritzeko: "Jadanik ez dauka harreman handirik horrekin".
Halaber, Quidditcha ez da bakarrik fizkiozko lanetatik aldendu. Izan ere, J.K. Rowling egilearen zenbait adierazpenetatik ere urrundu da. Zentzu horretan, idazlearen iritzi transfoboetatik ihes egiten du Euskadi Quidditch Elkarteak: "Guretzat oso garrantzitsua da LGBTIQ+ komunitatea garela esatea. Quidditcha J.K.Rowlingnekin erlazionatzen dute maiz eta gu ez gaude bere pentsamoldearekin ados. ADI LGTBI+ elkartearen parte gara eta transfobiaren kontra gaude. Euskadin Naizen elkartearekin gaude harremanetan".