Behin-behineko egutegia aurkeztu du Amurrioko Mendiko Lagunak elkarteak. Urtarrilean egin zuten batzar orokorra, eta ekin diote jada urte berriko programazioa gauzatzeari. Iragan asteburuan neguko zeharkaldia egin zuten Astunen (Huesca), eta otsailean Baregesera bertaratuko dira (Grand Tourmalet) ibilaldia egitera. Hilaren 19an eta 20an izango da hori.
Ohiko ohiturei eutsi diete, gainontzekoan. Martxoaren 12an, sagardotegi denboraldia lagun, mendi ibilaldia egingo dute Gipuzkoako tontorretan barrena, eta ondoren sagardotegira joango dira bazkaltzera. Sare sozialetan aurreratu dutenez, 22. Korrikaren irteera ekitaldian ere hartuko dute parte.
Udaberriko oporretan -Aste Santuan- proiektu berezi bat osatuko dute, oraindik lantzen dabiltzana. Maiatzean eta ekainean, berriz, gazteei begirako ekintzak proposatuko dituzte, La Leze arroila jaitsiera eta ur ekintzak kasu.
Udan, aldiz, Gure Esku Dagok pirineotako gailurrak argiztatzeko eginiko deialdiarekin egingo dute bat, aurreratu dutenez. Horrez gain, mendi zeharkaldiak aurreikusi dituzte uztailaren 9-10ko asteburuan, eta abuztuaren 5-7an.
Ikasturte berrirako eskaintza ere atera du elkarteak labetik: irailean zeharkaldia antolatuko dute pirineotan, eta urrian Goizale aterpearen jaia prestatuko dute (hilaren 2an, hain zuzen). Gorobel mendi ibilaldiaren data ere jakinarazi dute: azaroaren 6an izango da.