Nagusilan Amurrio adinekoen gizarte-boluntariotzako kideek jasoko dute Urrezko Guk Saria aurten. Martxoaren 19an egingo da aitortza egiteko ekitaldia, Amurrio Antzokian, COVID-19aren aurkako segurtasun neurri guztiak beteta.
Aho batez erabaki dute saria Nagusilan Amurrioko kideei ematea, “bakardadearen aurka” eginiko borrokagatik eta “zahartze aktiboaren alde” eginiko lanagatik.
Udalak nabarmendu du talde hori oso errotua dagoela herrian. “Gaur egun 25 boluntariok, 17 emakumek eta 8 gizonek, osatzen dute”, zehaztu du tokiko erakundeak, “talde honen helburua da nahi ez den bakardade-egoeran dauden adinekoen beharrizan sozialei eta afektiboei erantzutea, borondatezko laguntzaren bidez. Era berean, zahartze aktiboa eta solidarioa sustatzen dute, beti ere jarduera desinteresatuen bidez”.
Hainbat talde eta norbanakoren artean sortu zuten egitasmoa, udalerriko pertsona nagusien beharrizanei “erantzun koordinatua” emateko.
Txerra Molinuevo alkateak azaldu du Nagusilanek bat egiten duela udalak sustatzen dituen gizarte balioekin, eta horregatik merezi dutela saria. “Euren denbora besteei laguntzen ematen duten pertsona boluntarioek eta solidarioek amurrioarren aitortza merezi dute”, nabarmendu du gobernuburuak.