AMURRIOKO KINTOAK

“Espero dugu hurrengo kintoak maskararik eta murrizketarik gabe egon ahal izatea”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 7a, 12:11

Aurtengo Amurrioko 104 kintoetako hiru dira ALAITZ JIMENEZ, KOLDO ARBERAS eta ENEKO ANEIROS  (Amurrio, 2004). Agate Deunaren bezperan bildu gara eurekin. Jaiaren eta tradizioaren bilakaeraren inguruan mintzatu dira.

Tradizio handiko festa da Amurrioko kintoena. Aurten 2004. urtean jaiotakoek hartu duzue jaiaren lekukoa. Nola bizi duzue? Zer da zuentzat kinto izatea?

Koldo Arberas: Txikitatik bizi izan dugun tradizio bat da. Kinto Egunean eskolara joaten nintzenean ilusio asko sortzen zidan kintoak kantatzera etorri eta pegatinak ematea. Emozio asko sorrarazten dizkit hori gogoratzeak. Horregatik nahi izan dut oraingoan kintoa izan. 

Alaitz Jimenez: Koldok esan duen bezala, txikitatik jasotzen dugun tradizioa da, txikitatik ikusten baititugu kintoak gure ikastetxetatik pasatzen, abesten eta pegatinak ematen. Niretzat ere gauza oso polita da, eta horrela izaten jarraitzea espero dut. Ilusio handiarekin hartu dut kintoa izatea. 

Eneko Aneiros: Biek esan dutena: ilusio handiarekin hartzen duzu egun hau, txikitatik bizi izan duzulako. Jendeari ere ematen dio ilusioa, urte luzez egin den tradizio bat delako, ez da gaurko kontua…

K.A: Eta gainera gure kinta osoa biltzen da egun honetan. Badaude jai gehiago, baina hau da guztiok elkarrekin egoteko baliatzen duguna. 

E.A: Lehen, abesten egon garenean, pertsona bat negarrez ikusi dugu. Gazteak zerbitzu militarra egitera joaten zireneko garaitik dator tradizioa, eta horren lekukoa hartzea emozioa ematen dizu.  

"Poza ematen digu tradizioak aurrera jarraitzea eta beste modu batean eboluzionatzea"

Zuek jaio zinetenerako jada ez zegoen derrigorrezko zerbitzu militarrik. Asko aldatu da tradizioa?

A.J: Urte askoko tradizioa da, bai, eta guri horrela irakatsi digute. Lehen mutilek soilik egiten zuten, zerbitzu militarrera joatean zirenean. Poza ematen digu tradizioak aurrera jarraitzea eta beste modu batean eboluzionatzea. Lehen ez zuten emakumeen abesten eta orain bat. Niretzat ohore handia da, emakume bezala, kintoa izatea. 

Abestera atera zarete gaur, eta jaia egingo duzue otsailaren 11n. Zer prestatu duzue?

A.J: 104 kinto gara aurten, asko gara. COVID-19a dela eta, laguntza izan dugu gauzak prestatzeko, baina gure kabuz antolatu duguna dena: elektrotxaranga lotu, erromeria bilatu… Ezin izan dugu DJrik jarri, murrizketak direla eta. Ordu batak arte soilik luzatu dezakegu jaia. Apur bat triste gaude horregatik, baina gainontzeko guztiagatik pozik gaude. 

E.A: Ostiralean erromeria egongo da 20:00etatik 22:00etara eta gero elektrotxaranga egongo da 22:00etatik 13:00etara. DJa kendu behar izan dugu, koronabirusgatik. Horrela esan digu udalak. Gauzak hala, 1:00ak arte egongo gara elektrotxarangarekin, ondo pasatzen eta denbora ahal bezain beste aprobetxatzen. 

15-16 urte zenituzten pandemia hasi zenean, eta 18 urte betetzera zoazte aurten. Nola bizi izan dituzue azken bi urte hauek?

K.A: Puntu batera arte ondo egon dira ezarri diren murrizketak, baina orain guk ere gozatu egin behar dugu. Batzuetan ez zaigu ondo iruditzen murrizketak ezartzea. Bilakaera bat egon behar da, puntu berdinean trabatuta bait gaude. Gogorra izan da, baina egingo dugu aurrera. Espero dugu hurrengo kintoak pandemia gabe izatea.

E.A: Gauza asko kendu zizkiguten, festa guztia. Orain 18 urte betetzera goaz eta pandemia barruan jarraitzen dugu. Gure errua izan dela ere esan digute. Ez da bidezkoa guri gauzak kendu eta gero errua gurea dela esatea. 

A.J: Festa hau betidanik egin da. Egoera zaila da guztion bizitzetan. Murrizketak guztion onerako direla esaten digute. Ez dugu uste oso ondo jarrita daudenik, baina espero dugu hau aldatzea eta hurrengo kintoak musuko gabe izatea. 

E.A: Egoera honetan kontuz ibili behar gara, baina bat nator Alaitzekin: espero dugu hurrengo kintoak maskara eta murrizketa gabe ospatu ahal izatea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide