Hiru urte igaro dira Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen atxiloketatik, eta Auzitegi Gorenaren epaia "edozein unetan" iritsi daitekeela ohartarazi dute

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 7a, 13:46

Galder Barbado eta Aitor Zelaia 2021eko urtarrilean, epaiketaren atarian egindako manifestazioan. / ANkerkeriari STOP

Ertzaintzak 2019ko otsailaren 7an atxilotu zituen Galder Barbado eta Aitor Zelaia. Sei hilabete igaro zuten espetxean eta 2021eko urtarrilean epaitu zituzten Entzutegi Nazionalean. Lau urteko espetxe zigorrera kondenatu zituzten. Helegitea aurkeztu zuten eta Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain daude oraindik bi gazte arabarrak, eguneroko bizitza zeharo baldintzaturik dutela.

Gaurkoa bezalako egun batean, 2019ko otsailaren 7an, Ertzaintzak Galder Barbado gazte amurrioarra atxilotu zuen Entzutegi Nazionalaren aginduz. Arabako Dura herrian material lehergarriarekin aurkitutako zulo batekin erlazionatutako operazioa zela zabaldu zen segituan. Operazio berdinean Aitor Zelaia gasteiztarra ere atxilotu zuten.

Bi gazte arabarrek sei hilabete igaro zuten behin-behineko espetxealdian; Madrilgo Soto del Realen aurrena, eta Zaragozako Daroca espetxean gerora, Amurriotik 367 kilometrotara. 2019ko abuztuan baldintzapean aske geratu ziren Entzutegi Nazionalean egitekoa zen epaiketaren zain.

Murillok 4 urteko espetxe zigorra, urte bateko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zien Barbado eta Zelaiari

Epaiketa Madrilen

COVID-19aren pandemiak atzeratu egin zuen bi gazteen aurkako epaiketa, eta ez zen 2021eko urtarrilera arte burutu. Bien bitartean, Barbado eta Zelaiaren egunerokoa baldintzatuta egon da: astero epaitegian aurkeztu beharra, Espainiako Estatutik ateratzeko debekua eta jarraipen polizial zorrotza ezarri zaizkie.

2021eko urtarrilaren 21 eta 22an egin zen epaiketa Madrilgo Entzutegi Nazionalean. Jose Perals fiskalak (Altsasuko gazteen kasuko berdinak) 8 urteko espetxe zigorra eta 7 urteko baldintzapeko askatasuna eskatu zuen bi gazteentzat, material lehergarria helburu terroristekin gordetzea egotzita. Angela Murillo izan zen epailea, Bateragune kasua eraman zuen epaile berdina.

Murillok 4 urteko espetxe zigorra, urte bateko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zien Barbado eta Zelaiari, "lehergarriak egiteko elementuak gordetzea" egotzita.

Helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean

Defentsak eta akusazioak helegite bana aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Defentsak bi gazteen absoluzioa eskatu zuen, epaiketak iraun bitartean akusazioak Dura herrian aurkitutako bidoia bi gazteekin erlazionatzerik izan ez zuela ulertuta. Akusazioak, bere aldetik, 8 urteko espetxe zigorra ezartzearen alde egin zuen.

"Errealistak izanda, eszenatoki bakarra planteatzen dugu: Aitor eta Galder espetxera kondenatuko dituzte"

Urte bete igaro da sententzia argitaratu zenetik, eta Gorenaren ebazpena "une batetik bestera" iritsi daitekeela ohartarazi du bi gazteen aldeko elkartasuna antolatzeko sortutako ANkerkeriari STOP plataformak. Plataforma ezkor agertu da helegitearen erresoluzioaren harira: "Errealistak izanda, eszenatoki bakarra planteatzen dugu: Aitor eta Galder espetxera kondenatuko dituzte". Bi gazteen kasua Euskal Herrian zabaltzen ari den normalizazio eta bake egoeraren aurkako dela azpimarratu dute, eta Entzutegi Nazionala "Euskal Herriko militante independentistak zigortzeko Estatu Sakonaren tresna juridikotzat" jo dute.

Elkartasuna saretzeko unea

Egoera horren aurrean, "elkartasuna saretzeko unea dela" azpimarratu dute ANkerkeriari STOP plataformako kideek, eta hainbat dinamika garatzen ari dira horretarako, Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aldeko babes sozial eta politikoa artikulatzeko.

Alde batetik, kanpaina ekonomikoa jarri dute abian, honezkero hiru urtez luzatu den prozesuak sortutako gastuei aurre egiteko. Horretarako bono laguntzak jarri dituzte salgai Arabako hainbat lekutan. Aiaraldean Amurrioko Txokogorri tabernan eskuratu daitezke. Kontu korronte bat ere jarri dute ekarpena egin nahi duten herritarrentzako eskuragarri.

Horrez gain, bestelako egitasmoak ari dira antolatzen azken asteetan, eta hauetan ere herritarren parte hartzea eskatu dute. Zentzu horretan, asanblada irekia antolatuko dute ostegun honetan -otsailak 10- Amurrioko San Anton plazan, 19:00etan. Bertan antolatuko dituzte dinamikaren hurrengo urratsak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide