Ohikoan baino beranduago hasi dute urtea Burubio Kultur Elkarteko kideek. Lana izan dute hurrengo hilabeteetako kontzetuak programatzen, pandemiaren bilakaerak datak atzeratu eta birkokatzera derrigortu baititu.
Hala ere, indartsu ekingo diote 2022ko lehen txanpari, hiru zita esanguratsurekin.
Rocka oholtzan
Otsailaren 25an izango da lehena. Rock doinuak nagusiko dira gau horretan, Sonic Trash eta Seda taldeen eskutik. Ateak 22:00etan irekiko dira eta ordu erdi beranduago hasiko da emanaldia. Sarrerak hemen erosi daitezke; 8 euro balioko dute aurrez erosita edo bazkidea izanda, eta 10 euro takilan eskuratuta.
Metal gaua
Biharamunean (hilak 26) izango da bigarren kontzertu sorta. Kasu horretan hiru izango dira Amurrioko pabilioiko oholtzara igoko diren taldeak: Mosh, Izatefaltsua eta Nukore. 21:30ean irekiko dira ateak, eta 22:00etan hasiko da zarata. Sarrerak hemen eskuratu daitezke aurrez, 10 euroren truke. Egunean bertan ere egongo dira eskura, baina 3 euro gehiago ordainduta (bazkideak salbu).
Punk-rock doinuak
Martxoaren 11n, aldiz, punk-rock doinuak izango dira nagusi, Kaotiko eta Purapose taldeekin. Ateak 22:00etan irekiko da eta ordu erdi geroago hasiko dira kontzertuak. Sarrerak hemen eskuratu daitezke 12 euroren truke, eta 15 eurotan egunean bertan.
Burubio elkarteko kideek jakinarazi dute kontzertu gehiago lotzen ari direla, eta laster emango dutela data gehiagoren berri.