SALVADOR CASTAÑEDA HERNANDEZ

“Egoera surrealistekin egin dut topo Mexiko Hiriko kaleetan barrena argazkiak egitean”

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 15a, 07:00

Salvadora Castañeda Hernandez, bere buruari eginiko erretratu batean. / S.C.H.

SALVADOR CASTAÑEDA HERNANDEZ (Mexiko, 1980) 2016an etorri zen Aiaraldera bizitzera, Valentziako Unibertsitatean ikasten egon ostean. Argazkilaritza zuen afizio, eta bere ofizioa bilakatu da urteen poderioz. 

Nondik datorkizu argazkilaritzarekiko zaletasuna?

15 urte nituela hasi nintzen argazkilaritzaren munduan, oraindik negatiboak erabiltzen ziren garaian. Duela gutxi egon naiz oroitzen saiatzen nola hasi nintzen, nire aitari aspaldi egin nizkion argazki batzuk topatu ditudalako. Gogoan dut egin nuen lehen ikastaroa, baina ez dut buruan zergatik esan nion aitari argazkilaritza ikasi nahi nuela. Dakidana da beti izan dudala gogoko irudiak sortzea, eta kamara baliatzea da horretarako dagoen modurik onena. 

Unibertsitatera sartu nintzenean albo batera utzi nuen zaletasuna, eta berriz heldu nion gero, masterra egin nuenean. Ordutik aurrera argazkilaritzan murgilduta egon naiz uneoro. 

Hona iristean enkarguzko lanak egiten hasi nintzen, denda ireki nuen arte. 

Kaleko argazkilaritza edo estudiokoa, zer duzu nahiago?

Lehen oso gustuko nuen kaleko argazkilaritza. Etapaka doan zerbait dela uste dut. Argazkilaritzan hasi nintzenean oso gustuko nuen kalera ateratzea, Mexiko hirian surrealistak diruditen egoerekin topo egin dezakezulako. 

“Jende asko dago, pobrezia asko, baina baita aberastasun asko ere… denetarik topatu dezakezu. Mexiko ez da bakarra, asko dira”

Zer motako egoerak?

Jende asko dago, pobrezia asko, baina baita aberastasun asko ere… denetarik topatu dezakezu. Mexiko ez da bakarra, asko dira. Kale batean oparotasuna ikusi dezakezu: eraikin erraldoiak, luxuzko autoak… Hurrengo izkinan, ordea, janaririk ez duen haur batekin egin dezakezu topo, kalean txikleak saltzen ari dena. Oso kontraste handiak daude. Jendeak edozer gauza egiten du bizirauteko. 

Mexiko Hiria oso arrikutsua dela esan ohi da. Hala sumatzen zenuen zuk?

Esan bezala, Mexiko ez da bakarra, Mexiko asko daude. Badaude gune oso arrikutsuak, beste batzuk, ez eta beste batzuk baliteke. Baina bertan zaudenean badakizu zer egin dezakezun eta zer ez. Ez da gomendagarria goizaldean toki zehatz batzuetatik joatea. Egoera ekonomikoa oso zaila da herrialdean, eta arazo asko sortzen ditu horrek, delikuentziarena eta droga-kartelena barne, beste mila gauzen artean. 

Gaztetan nire aitarekin joaten nintzen argazkiak egitera, hiria goitik behera ezagutzen zuelako. Bilbon nengoenean ere ateratzen nintzen kalera, jendeari argazkiak ateratzera. Baina oso zaila suertatzen zitzaidan. Oso gutxitan  ausartu naiz kaletik doan persona bati erretratu bat eskatzera. Lotsa ematen dit (barreak), baina gustuko dut kaleei eta jendeari argazkiak egitea. Polita da argazki batean agertzen den jende guztiarekin zenbat istorio kontatu ahalko liratezkeen imajinatzea. 

Mexikon ere horrelakoak egiten zenituen?

Mexikon eguneroko eszenak erretratatzen nituen. Edozein argazkilari gaztek egin nahi duen lehenbiziko gauza eskale bat erretaratzea da, hori da Mexikon burura etortzen zaizun lehenengo ideia. Argazki andana egin nien dirua eskatzen zeuden emakume nagusiei. Kalean lanean zeuden haurrei ere egiten nizkien argazkiak… oso ohiko gaiak dira horiek bertako argazkilaritzan, hori delako arreta gehien pizten dizuna kalera ateratzen zarenean. Gero bilakaera bat egoten da argazkilariongan, eta bakoitza arlo zehatz bat lantzen hasten da. 

“Polita da argazki batean agertzen den jende guztiarekin zenbat istorio kontatu ahalko liratezkeen imajinatzea”

Nik bi argazkilaritza mota bereizten ditut: bizitzeko egiten dena (ezkontza eta antzeko ekitaldietakoa) eta artistikoa. Sorkuntzaren esparruan, “eraikitako argazkilaritza” egitea dut gustuko. Eszena edo egoera bat asmatu eta irudikatzean datza, benetakoa izango balitz bezala. 
Lehen postua lortu nuen iaz Amurrioko Arte Sariketan, Amurrioko argazkilarien kategorian, eta duela bi urte bigarren geratu nintzen. 

Zergatik duzu gustuko argazkilaritza egiteko modu hori?

Istorio bat kontatzeko balio duelako, marrazkigintzan egiten den bezala. Sariketara aurkeztu nuen argazkia eleberri moduko bat da. Hiru argazki egin nituen toki berean, eta bakar batean batu nituen gero. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide