AMURRIO TRAIL

"Mendiaz guztiok modu osasuntsuan gozatzea da Amurrio Trail lasterketa eta taldearen helburua"

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko ots. 23a, 07:00

2019an parketik atera zen lasterketa. Aurten, herriko plaza izango da irteera eta helmuga gunea. / Aiaraldea.eus

Ekainaren 19an egingo dute Amurrio Trail lasterketa. Bi proba prestatuko dituzte aurten, 15 kilometro izango ditu lehenak, eta 31 bigarrenak. Ekimenaren ibilbide eta  xehetasunak azaldu dituzte Aizaro eta Gorka Marañonek.

Ekainaren 19an egingo du Amurrio Trailek bere lasterketa nagusiaren 9. edizioa. "Parte hartu nahi dutenek data gorde dezatela", adierazi du Aizaro Marañon elkarteko kideak. Orain arte 3 proba prestatu dituzte, baina aurten 2 izango dira. Lehenbizikoa 15,6 kilometrokoa, eta bestea 31 kilometrokoa. Modu horretan, maila guztietara egokitutako eskaintza egin nahi izan dute.

"Zirkuitu motza herrikoia izango da, teknikoki ez da zaila. Proba luzeak 1.800 metroko desnibela izango du"

Gorka Marañonek erantsi duenez, zirkuitu motza herrikoiagoa izango da: "Desnibel arrunta du, 600 metro ingurukoa. Edonork pixka bat entrenatuta egin dezake, teknikoki ez da zaila, ez dago leku arriskutsurik". Zeharkaldi luzeak 1.800 metroko desnibela izango du, "eta zailagoa da, hori bai". Unginoraino joango dira Amurriotik lasterkariak, eta Gorobel magaletik ibiliko dira. "Oso polita da, baina prestatuta egon behar da. Ibilbide laburrak Babio eta Burubio lotzen ditu, Amurrioko gailurretatik pasatzen da". Nork bere erritmora egitea proba nahi dute, eta gozatzea. "Lasterkari guztiek garrantzia berdina dute, bai lehenbizikoak eta baita azkenak ere". 

Amurrioko plaza izango da irteera eta helmuga gunea. "Printzipioz herriko plaza izango da, iaz parkea izan bazen ere. Dena den, azken orduan alda daiteke", zehaztu du Aizaro Marañonek. 

Interesdunek sportmaniacs webgunean egin beharko dute izen-ematea. Alabaina, martxoaren 1etik aurrera irekiko dute horretarako epea. Federatuek 20€ ordaindu beharko dituzte, eta besteek 22€. "Ekainaren 1etik aurrera 5€ garestituko da izen-ematea", erantsi dute kideek. 

400 korrikalari jasoko dituzte gehienez: "Talde txikia gara, eta pertsona gehiago hartzekotan ezingo genuke guri gustatzen zaigun kalitate eta zaintza eskaini. Geroz eta lagun gehiago, lana orduan eta handiagoa da. Pertsona guztiei banaka azaltzea gustatzen zaigu dena: ibilbidea, dutxen kokalekua, motxilak gordetzeko gunea... jende asko aritzen gara prestaketetan zein eguneroko lanean".

"Euskal Kopan eta Arabako Kopan dago Amurrio Trail lasterketa, eta horrek korrikalarien maila bermatzen du"

Probaren atzealdeko lanaz galdetuta, denetariko zereginak aipatu dituzte biek: ibilbide markaketa, mendi garbiketa, baimenen kudeaketa, korrikalarientzat poltsak prestatzea, anoa puntuetako horniketa... "boluntario zenbakia oso handia da, oso zaila da zehaztea". 

Euskal Kopan sartuta dago Amurrio Trail lasterketa eta, ondorioz, Arabakoan ere. "Horrek korrikalari maila bermatzen du, jende arrunta ere egongo bada ere", kontatu du Gorka Marañonek.

2019an egin zuten azkenekoz proba, koronabirusak eragindako osasun krisia heldu aurretik:

Mendi filosofia zabala

Kirol elkarte gisa jaio ziren, eta elkartasun ekimenen bultzatzaile bukatu dute trail taldeko kideek. Aizaro Marañonen hitzetan, denetariko ekintzak egiten dituzte: "'Mendigarbi' jarduera antolatzen dugu Amurrioko mendi inguruak garbitzeko. Bestalde, abenduan Non-Stop jarduera egiten dugu, nahiz eta aurten ez dakigun zein elkarte lagunduko dugun bertan biltzen dugun diruarekin. Olentzerori txondorrarekin laguntzen diogu ere. Egokitutako aulkiari ere bultzada eman nahi diogu, Spiderabel kidea dugu hori antolatzeko".

"Mendia guztiontzako izatea, eta elkarlana". Horiek dira, Aizaro Marañonen aburuz, elkartea ezaugarritzen duten balioak, "herri-lana". Kirola egiteko eragile izatetik, bestelako praktika eta ekimenak sustatzera igaro dira, adibideek erakusten dutenez: Babio igoera antolatzea, mendira behar bereziak dituztenak laguntzeko aulki egokituaren erosketa, elkartasun ekimenak burutzea...

Pandemia garaiak ez ditu gelditu. 2021ean Urrezko Guk Saria jaso zuten, aitortza gisa. "Izugarrizko harrotasunarekin bizi izan genuen, poz handia da herriko sari garrantzitsuena gure erakundeari ematea", oroitu dute Marañon arreba-nebek. "Sentimendu asko zeuden bertan, pandemia oso gogorra izan da denontzat. Oso polita eta hunkigarria izan zen pandemia urtean Guk saria jasotzea".

"Kirol munduan stop bat izan da pandemia, ezin izan ditugu kirol probak antolatu. Beste alde batetik, berraktibatzea ekarri du, gauza gehiago egiten ditugu orain"

"Kirol munduan stop bat izan da pandemia, ezin izan ditugu kirol probak antolatu. Beste alde batetik, berraktibatzea ekarri du, gauza gehiago egiten ditugu orain. Arazo batetik hainbat bide ireki dira", azaldu dute. 

Egunotan federatze kanpaina dute esku artean. Interesdunek amurriotrail@gmail.com helbidera bidali behar dute mezua. "Prezioa eta kudeatu beharreko kontuak bidaltzen dizkiegu, eta federazio zein banketxeko kontuak kudeatzen laguntzen ditugu". Elkartearen nondik norakoak zabaltzeko, sare sozialak elikatzen dituzte, "bertan dago ikusgai egiten dugun lana".

Mendia modu osasuntsuan bizitzeko eta gozatzeko mezuarekin bukatu zuten Aizaro eta Gorka Marañon ordezkariek Aiaraldea Komunikabidearekin izandako solasaldia. "Ekainaren 19an zuen zain egongo gara Amurrion. Esperientzia oso polita da, eta lasterketa ahalik eta hoberen antolatzen saiatuko gara. Jendeak poz aurpegi handia izaten du proba bukatzean. Animatu!".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide