Eusko Label Binakako Pilota Txapelketako finalerako txartela jokoan Amurrioko frontoian

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 18a, 11:50

Larunbatean arituko diren pilotariek materialaren aukeraketa egin zuten atzo Amurrioko udal pilotalekuan. / Ados Pilota

Puntako eskupilotaz gozatzeko aukera egongo da asteburu honetan Amurrioko Frontoian, Eusko Label Binakako Pilota Txapelketako finalerdietan. Lau bikotek Azkoitian jokatuko den finalerako txartela borrokatuko dute.

Hitzordu garrantzitsua dute asteburu honetan pilota zaletuek Amurrion, Eusko Label Binakako Pilota Txapelketako finalerdietan. Finalerako txartela borrokatuko dute otsailaren 19an lehen mailako lau bikotek. Jaialdia 17:00etan hasiko da Amurrioko udal pilotalekuan. Honezkero, kultur etxean eskuratu daitezke sarrerak bost euroren truke. Korrika babestera bideratuko da sarreren dirua, martxoaren 31n Amurriotik abiatuta baita.

Iruñeko final-laurdenen ostean, Iturriaga-Egaña bikoteak Kortazar-Iraeta bikotea izango du aurrez aurre, eta Zelaia-Lopez bikotea Etxekolonea-Mujika bikotearen aurka neurtuko da. Lau bikoteetako bik eskuratuko dute datorren otsailaren 27an Azkoitian jokatuko den final handirako pasea.

Baina lehen mailakoa ez da larunbatean Amurrion ikusi ahalko den partida bakarra; promozio mailan Santos-Urriza eta Mondragon-Zaldain arituko dira buruz buru.

Jaialdiko parte-hartzaileek atzo egin zuten materialaren aukeraketa Amurrioko udal pilotalekuan bertan, Ixone Saratxaga berdintasun zinegotziarekin batera:

Frontoiak emakumeenak ere badira

Azkoitian, otsailaren 27ko finala jokatuko den plaza berdinean, aurkeztu zuten iragan abenduan Eusko Label Binakako Pilota Txapelketa. Ados Pilota klubak, Euskal Herriko emakumezkoen lehenengo klub profesionalak, antolatu du norgehiagoka, eta frontoiak emakumeenak ere badirela aldarrikatzea du helburu.

Duela 100 urte raketistak izan ziren Euskal Herriko lehenengo emakume kirolari profesionalak. Hori dela eta, raketisten figura omendu nahi izan dute antolatzaileek: "Raketistak izan ziren gure oinordeko eta gure amak berriz gure iparrorratzak, ikaragarri lagunduz ibilbide guzti honetan. Horregatik, gure miresmen eta aitortza, Eusko Label txapelketan gure amen abizenak soinean eramanez".

Lehen mailako zazpi bikotek eta promozioko lauk abiatu zuten txapelketa, eta Bera, Lizarra edota Iruñeko frontoiak bisitatu dituzte bi hilabete hauetan, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide