Abenduan izan behar zen norgehiagoka, baina euriteen ondorioz otsailera atzeratu zuten. Arabako zirkuituko azken hitzordua izan zen atzokoa. 11:00etan hasi zen kirol proba, eta 6 karrera izan zituzten gozatzeko bertaratutako korrikalari zein ikusleek. Kategoriaren arabera, itzuli kopurua aldatu zuten.
Jendetza batu zen Refor inguruetan partaideak animatzeko. Eguraldiak eutsi egin zion, eta giro bikainean jardun zuten protagonista guztiek. Aiaraldeko ordezkariak ere egon ziren. Horien artean, Laudio Atletismo taldekoak, Amurrioko kideak zein Artziniegakoak. "Artzikirol taldearen baitan ordezkaritza bat egon da partea hartzen", adierazi zuten Oinkariak taldekoek.
Ekimenaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Hurrengo urteko edizioaren data ere aurreratu dute: abenduaren 13an jokatuko da Amurrioko laugarren eskola krosa.