EBA BLANCO

"EA EH Bildu da eta hori ulertzen ez duenak ez daki zer den EH Bildu"

Aitor Aspuru Saez 2022ko ots. 21a, 11:56

Ponentzia politikoa ere onartu du nazio kongresuak. / Aiaraldea.eus

EBA BLANCO (Amurrio, 1973) Eusko Alkartasuna alderdiko idazkari nagusia hautatu dute berriro asteburuan, polemikaren erdian egon den XIII. Nazio Kongresuan. Hautsak harrotu dituen prozesuari buruz mintzatu da amurrioarra eta etorkizunera begira ere jarri da jadanik.

Zein da kongresuaren balorazioa?

Lehenik eta behin, eskertuta nago. Alderdiaren gehiengoaren babesa jaso dut eta hori erakutsi da. Aldi berean, ilusioz hartzen dut kargua. Egia da garai gogorrak bizi izan ditugula, baina hautagaitza aurkeztu nuenean oso argi nuen giroa ez zela egokiena. Mugarria jarri dugu eta lanean jarraitu behar dugu gaurtik aurrera.

Alderdiaren babesa eta zilegitasuna daukat eta lan egiteko gogoz nabil.

Eusko Alkartasunaren izena polemikara lotuta egon da azkenaldian, zuzendaritzak eta alderdiaren korronte batek desadostasunak izan dituztelako. Nola azalduko zenuke eztabaidaren muina?

Alderdiaren apustua zein den oso argi geratu da. Kritikoek osoko zuzenketa aurkeztu zuten eta hor, praktikan, proposatzen zutena zen EA EH Bildutik kanpo geratzea. Guretzat hori astakeria da. 2011tik hona daramagu lanean beste proiektu batean eta nahi zuten lan hori guztia ezer ezean uztea.

"Kritikoek nahi zuten EA kokatzea EH Bildutik kanpo eta zuzendaritzarentzat hori astakeria da"

Zehazki, nahi zuten hauteskunde bakoitzean erabakitzea EAk koalizioan parte hartzen zuen edo ez. Hau da, praktikan, Eusko Alkartasuna EH Bildutik kanpo kokatu nahi zuten.

Ni pozik nago, alderdiko biltzarkideen gehiengoak, %54ak, aukeratu du gure ponentzia politikoa. Alegia, 2011tik aurrera egin dugun proiektua.

Bestalde, atzoko hitzartzean aipatu nuen kritikoek sekulako ikuskizuna egin dutela. Bereziki, azken bi asteetan planteatu dute kriston arazoak zeudela, demokrazia falta, gardentasun eza… Erakutsi da hori ez dela egia. Gertatu dena da bazekitela galduko zutela. Hori onartu behar da eta onartu arte ez da aldatuko.

Emaitzak onartu behar dituzte. Nik pasa den astean adierazi nuen, galduz gero, onartuko nuela. Finean, arazoa hori izan da, ez dutela onartu galduko zutela.

"Arazoaren muina izan da kritikoek bazekitela galduko zutela eta kongresua oztopatu nahi zutela"

Horregatik, ez dute kongresuan parte hartu. Gero mozorratu dute beste era batean, batzar estranbotikoen bidez. Egia esan da behingoz, eurek bazekiten galduko zutela eta egon dira oztopoak jartzen kongresua ez egiteko.

Gaur idazkari moduan hasiko zara berriro lanean, aukera ikusten dituzu zubiak berriro eraikitzeko kritikoekin?

Orain lasaitu behar gara eta gehien axola zaidana da nire talde berriarekin lan egiten hastea eta proiektua partekatzea. Hori zor diet kongresuan jo ta su egon diren alderdikide eta biltzarkideei. Horretan zentratuko naiz.

Etorkizunera begira ez dakit zer etorriko den. Elkarrizketarako aukera asko egon dira, 2019tik hona, nik neuk proposatutakoak, eta ez dute nahi izan. Ez dakit hori aldatuko den. Askotan kanpora begira esan dute zubiak eraiki behar zirela, eta barruan oztopoak jarri dituzte lan egiteko eta elkarrizketa sortzeko.

"EH Bildurekin egon behar zen harremanean zegoen soilik desadostasuna ponentzia politikoarekiko"

Zeintzuk izango dira hurrengo lau urteetako ardatzak?

Ponentzia politikoak sei puntu ditu. Guk independentzia eta justizia soziala aldarrikatzen ditugu. Horrez gain, beti izan dugu harreman estua nazioarteko esparruan eta horretan sakonduko dugu. European Free Alliancen presidentetzan gaude.

Esan bezala, justizia sozialean oinarritutako alderdia gara eta hori lotuta dago feminismoa, trantsizio energetiko eta ekologikoa, euskara kultura hizkuntza… Betiko gaiak, eguneratuak.

Hori ez ezik, badago ere zer nolako harremana izan behar dugun EH Bildurekin eta guk oso argi dugu EA EH Bildu dela. Hori ulertzen ez duenak ez du ulertzen zer den EH Bildu. Uste dugu koalizioa zabaldu egin behar dela, gobernu alternatiba baikara. Horretan zentratu behar gara.

2011n sortutako ildotik jarraituko dugu lanean eta bistakoa da EAren aztarna dagoela EH Bildun. Horretan sakonduko dugu.

Hori da finean sei puntuetan aipatzen diren erronka nagusiak. Berez, talka egon da bakarrik, ponentzia politikoari dagokionez, seigarren puntuan, EH Bildurekiko harremanean. Besteetan adostasuna zegoen, bi ereduen arteko ezberdintasun bakarra zen EH Bildurekin zegoen jarrera.

Orain babesa eta zilegitasuna daukagu. Legea jarraiki egin dugu eta pozik eta ilusionatuta nago, jendearen babesa baitut.

Eztabaida honek bi urte iraun du, nolako eragina izan du pertsonalki zein politikoki?

Politikoki ikusi da eurek planteatzen zutena (EA indartsu bat EH Bildu barruan) gezurra zela. Oso gogorra izan da eta ez dugu aukera handirik izan alderdi barruan lan egiteko. Oztopoak agerikoak izan dira eta polemikan egon gara zentratuak, lanean egitean baino. Hori izan da okerrena.

Pertsonalki ere oso gogorra izan da, saiatu baitira ni beti erdigunean jartzen. Batez ere, iskanbila hedabidetara eramatea oso gogorra izan da eta, gainera, alderdia judizializatu dute, epaitegian baitago. Eusko Alkartasunaren izena lurrean botata utzi dute.

Nik espero dut hurrengo urteak baketsuagoak izatea, lan egiteko. Oso zaila izan da azken bi urteetan lan egitea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide