LAB sindikatua nazkatu da Berdintasunak Tubos Reunidos enpresan jasotzen duen lanketaz eta salaketa publikoa egin du. Izan ere, 2007an onartutako legeen arabera, 250 langile baino gehiago dituzte konpainiek Berdintasun Plana ezarri beharko lukete. 15 urte igaro dira eta ez da horren berririk izan Amurrioko lantegian.
2013ko urtarrilaren 16an langile batek sexu erasoa egin zuen garbiketako langile baten kontra
Sexu erasoa lantegian
Tubos Reunidoseko enpresako zuzendaritzaren jarduera faltak, dena den, ez du esan nahi gatazkarik ez denik gertatu fabrikan. Hain zuzen, 2013ko urtarrilaren 16an langile batek sexu erasoa egin zion garbiketako langile bati. Gertakariak epaitegian amaitu zuen eta gizonezkoa urtebeteko espetxe zigorra jaso zuen eta, horrez gain, 2 urteko urrunketa agindua ezarri zion epaileak. Hori gutxi balitz, epaileak aipatu zion salatzaileari akusatua beste eraso baten egilea izan zela aurretik.
Bata lanean, bestea kalean
Baina, eraso horren soka luzeagoa da. Berez, enpresak langilea kaleratu zuen gertatutakoaren berri izan zuenean, baina epaile batek itzuli zion lanpostua erasotzaileari, argudiatuta ez zegoela bere kontrako sententzia irmorik.
Kaleratzearen aurka, zenbait lankidek sinadurak jaso zituzten eta zuzendaritzari aurkeztu zizkioten. Horren ostean, gauza bat edo bestea dela medio, erasotzailearen kontrako epaia argitaratu zenean, enpresari ahaztu zitzaion helegitea jartzea eta, ondorioz, sexu gaizkileak bere lanpostuan jarraitu du gaurdaino.
Aldiz, erasoa jasan zuen emakumeak, azpikontrata baten bitartez lan egiten zuenez, kalean bukatu zuen. Prozesu osoa mingarria izan zen emakumearentzat eta horren korolarioa izan zen baja psikologikoan zegoen bitartean, enpresak dokumentua bidali ziola emakumeari. Horrek, fede onez sinatu zuen eta ondorioa izan zen kaleratua izan zela.
Beste kasu bat
Epaitegira heldu gabe, 90ko hamarkadan antzeko egoera jazo zen Tubos Reunidosen eta iturri sindikalek azaldutakoaren arabera, enpresa barruan konpondu zuten; erasoa jasan zuen emakumea erasotzailearen lanpostutik urrun kokatuta.
Berdintasun plana
2007an onartu zituen Espainiar Gobernuak Berdintasun legeak eta horiek ezartzen zuten 250 langile baino gehiago duten enpresak derrigortuak zeudela berdintasuna sustatzeko plana garatzera.
Zentzu horretan, LABeko ordezkariak 2010ean eskatu zuen Tubos Reunidoseko zuzendaritzak egindako Berdintasun Plana. Enpresako arduradunek argudiatu zuten ez zutela partekatuko, hori egikaritzea lan hitzarmen berriaren sinaketaren menpe zegoelako. Lan Ikuskaritzak arrazoia eman zion sindikatuari eta plana bidali behar izan zieten langile ordezkariei.
2007an onartutako legeen arabera, 250 langile baino gehiago dituzte konpainiek Berdintasun Plana ezarri beharko lukete. 15 urte igaro dira eta ez da horren berririk izan Amurrioko lantegian
Sexu jazarpen protokoloa
Lan agintaritzako ebazpen positiboaren ostean, eta 7 urtez aurrera pausu nabarmenik egon gabe, LAB sindikatuak berriro jo zuen Lan Ikuskaritzara salatzeko zuzendaritzak blokeatzen zuela oinarrizko prozedura Berdintasun Plana osatzeko. Zehazki, ez zuen akordio borondaterik sexu jazarpen protokoloa adosteko.
Berez, epaile batek sexu erasoa zigortu arren Tubos Reunidosen, enpresak ez du sexu jazarpenari aurre egiteko jarraibide zehatzik. LABek goraipatu du zuzendaritzak oztopatu duela tresna hori: “Zuzendaritzak nahi du ikerketa batzordean bera bakarrik egotea. Sindikatuok uste dugu langile ordezkari bat eta enpresako zerbitzu medikuen kide bat ere egon behar direla. Ez dutenez begi onez ikusten, horrek ez du aurrera egin”.
Lan Ikuskaritzaren mehatxua
2020an Lan Ikuskaritzak komunikazioa bidali zion Tubos Reunidos enpresari, sindikatuen kexa jarraiki. Dokumentu horretan ikuskaritzak aztertu zuen enpresak garatutako ustezko Berdintasun Plana eta ondorioztatu zuen “Hiru orrialdeko txostenak” ez zuela ez diagnosirik, ez ekintza ezta helburu zehatzik ere.
Horren adibidea zen 2009an idatzitako testuan jasotzen zela batzordea sortu behar zutela planaren jarraipena egiteko eta, 10 urteren ostean, ez zegoela aktarik zehazteko nortzuk ziren bere kideak.
Gauzak horrela, Lan Ikuskaritzak gogoratu zion enpresari 2007tik derrigorrezkoa dela Berdintasun Plana eta, gainera, negoziatu behar zuela langile batzordearekin.
Hori egiteko 6 hilabete eman zizkion eta aipatu zion hori egin ezean, 6.250 euroko isuna jaso zezakeela.
2021ean traba gehiago
Mehatxu horren ostean, hala ere, Berdintasun planak ez du garapen aipagarririk izan. Egia da iazko maiatzean enpresak eta sindikatuek ekin ziotela negoziazio batzordea sortzeari, baina harrezkero ez da urrats garrantzitsurik egin, nahiz eta Murgibe aholkularitza zerbitzua kontratatu den prozesua bideratzeko. Alegia, LABek leporatzen die aholkulariei enpresaren aginduak jarraitzea, eta saiatzea langile ordezkariak erabakimen eskubiderik gabe uzten batzordean.
Horrekin batera, aurrera egiteko gaitasun faltaren muina da, besteak beste, enpresak ez duela erraztu funtsezko daturik ganorazko diagnosia egiteko. Zehazki, sindikatuek nahi dute jakin langile ororen ordainsaria zein den, baloratzeko generoan oinarritutako diskriminazioa gertatzen den. Testuinguru horretan, lan-hitzarmenetik kanpo dauden emakumeak enpresako kolektiboaren zati handia dira, 27. Hitzarmenaren menpe ez daudenez, langile erakundeek ez dakite zein den euren egoera. Lan hitzarmenaren pean direnen artean, tailerretan 9 emakumezko baino ez daude eta bulegoetan 35.
LABek gogoratu du emakume eta gizonezko guztien soldatak ezagutzea ezinbestekoa dela, jakiteko lan bera egiteagatik diru bera jasotzen ote duten emakumeek eta gizonezkoek.
Sindikatuei arrazoia eman eta gero, Lan Ikuskaritzak ñabardura egin zuen geroago, eta arrazoitu zuen datu horiek eman behar direla, baina izen abizenak zehaztu gabe. LABek uste du enpresak presioa egin duela, jakin ez dadin zenbat kobratzen duten buruzagiek, lan hitzarmenetik kanpo baitaude. Edonola ere, sindikatua ados dago, ez da ezinbestekoa jakitea nork kobratzen duen zenbat izen eta abizenez, baizik eta emakumezkoek eta gizonezkoek ordainsari bera jasotzen duten lan bera egiteagatik, nahiz eta lan hitzaremenetik kanpo egon.
Emakumeak: enpresaren %9
Berdintasun Planaren beharra sumatzeko Tubos Reunidosen, nahikoa da begiratzea zein den generoaren araberako banaketa langileen artean:
Kopuru guztiei erreparatuta, ezinezkoa da ez ohartzea lantegiko tailerretan dagoen arrakala. 531 gizonezko daude bertan eta soilik 9 emakumezko. “Mentalitate patriarkalaren eta diskriminazioaren erradiografia” erantsi du LABek.
Horrez gain, zuzendaritzaren barruan dauden 27 emakumeen ordainsarien kopuruak ez dira ezagunak sindikatuentzat eta, ondorioz, ezin dute baloratu berdintasuna dagoen esparru horretan edo, aldiz, emakumezkoek gutxiago kobratzen duten.
Borondate eza
LAB sindikatuak behin eta berriro nabarmendu nahi du legea aspaldi dagoela eginda. Horrek barne biltzen du Berdintasun Plana egitearen derrigorrezko izaera, baina ez da horrelakorik gertatu.
Sindikatuaren aburuz, lan munduan edo langileek eurek egiten dute presioa aurrera pausuak lortzeko, edo denak jarraitzen du dagoen moduan: “Arau bat onartzeak ez du esan nahi betetzen denik”.
Halaber, lan ikuskaritzaren jarrera aktibo falta ere jarri dute mahai gainean: “Ez da inplikatzen eta, ondorioz, enpresariek jarraitzen dute egiten nahi dutena”.