ERREPORTAJEA

“Har iezadazu zakila eta lagundu nazazu txisa egiten”

Aitor Aspuru Saez 2022ko ots. 28a, 07:01

Erasoa jasan zuen garbiketako langilea kaleratua izan zen, erasotzaileak lanean jarraitu zuen. / Aiaraldea.eus

2013an Tubos Reunidosen erasoa pairatu zuen emakumearekin hitz egin du Aiaraldea Komunikabideak. Gertatutakoa salatzeak arazo ugari ekarri zizkion eta nahiago du bere izena ez eman, baina ez dauka inolako arazorik bere esperientzia kontatzeko. Izan ere, sexu erasoa sufritu ez ezik, jende ugariren gaizki-esateak eta kaleratzea ere jasan behar izan zituen.

9 urte igaro dira emakume harek erasoa jasan zuenetik bere lanpostuan, Tubos Reunidos enpresan, baina, hala ere, ez du ahaztu zer gertatu zitzaion eta zer nolako ondorio ekarri zizkion erasoa salatzeak. Hasieran jende askok babestuko zuela adierazi bazion ere, apurka-apurka zurrumurru zitalen erdian topatu zuen bere burua eta, azkenik, kaleratua izan zen.

Edonola ere, ez dezagun gehiegi aurreratu. Alegia, dena amesgaiztoa bilakatu baino lehen, Eulen enpresak eskainitako kontratua pagotxa iruditu zitzaion emakumeari: “Tubos Reunidoseko garbiketan lan egiten zuen pertsona batek lan murrizketa hartu zuen eta niri 5 urteko kontratua eskaini zidaten. Aukera ona zen niretzat, 06:00etatik 09:00ak arte beharrean nengoen eta maiz arratsaldetan ere lan ordu batzuk ematen zizkidaten”.

Hain zuzen, lanpostu horrek egonkortasun apurra eman zion emakumeari, aldaketa sakonetan buru-belarri baitzegoen: “Eulen bidez Tubos Reunidosen lanean hasi baino apur bat lehenago dibortziatu nintzen eta diru sarrerak behar-beharrezkoak nituen nire semea hazteko”.

2013ko urtarrilaren 16an langile batek sexu erasoa egin zuen garbiketako langile baten kontra

Erasotzailearen agerpena

Bere postuan hasi eta gutxira, emakumeak topo egin zuen gerora eraso egingo zion gizonezkoarekin. Elkar ezagutzen zuten aspaldi, nahiz eta konfiantza gutxi izan. Gizonak gonbidatu zuen kafe bat hartzera makinan eta mintzatu ziren. Emakumeak aipatu zuen dibortziatu berri zela eta besteak kontatu zion bikotea zuela.

Horrezkero, maiz kafea hartzen zuten elkarrekin, baina bion arteko giroa pozoitzen joan zen apurka-apurka. Emakumeak gogoratzen duenez, “poliki-poliki hasi zen nire itxura fisikoari buruzko iruzkinak egiten. Handik gutxira, piropoak eta intsinuazioak etorri ziren. Gero eta babosoago jartzen ari zen, baina nik ez nion kasurik egiten. Orduan heldu ziren Gabonetako oporrak eta, zorionez, bolada batean ez nuen berriro ikusi”.

Erasoa

Oporraldia amaitu eta gero, zenbait egunez egon zen gizonezkoa ikusi gabe, baina urtarrilaren 16an, lur azpian dauden komun batzuk garbitzen ari zelarik, berriro agertu zen: “Nahiz eta bi aste lehenago hasi, niregana etorri zen urte berria zoriontzeko aitzakiarekin. Ahoan muxukatzen saiatu zen. Harrapatu eta lurretik altxatu ninduen. Aurpegia atzera botatzen nionean, berak baliatzen zuen aukera bere gerrikoa nirera hurbiltzeko. Nabaritu nuen zakila tentetuta zuela eta nirekin igurtzen zela”.

Azkenean, emakumeak lortu zuen askatzea, eta zur eta lur geratu zen, geldirik, gertatutakoa sinistu ezinean. Hala ere, erasoa ez zen amaitu, eta gizonak komunera zioala esan zion: “Har diezadazu zakila eta lagundu nazazu txisa egiten”. Orduan, behin ezustea gaindituta, emakumezkoa jabetu zen eraso larri baten biktima izan zela eta gizonezkoaren kontrako irainak eta mehatxuak egin zituen, bakean uzteko behingoz.

Salaketa

Erasoa pairatu bezain pronto, lantegian zuen lagun batengana jo zuen emakumeak. Adiskideak erasotzailearengana joan nahi zuen eta jipoitu, baina berak konbentzitu zuen ez egiteko: “Esan nion ez zuela merezi bizitza eta lanpostua pikutara bidaltzea nazkagarri horren erruz”.

Dena den, salatzea bera arazo bilakatu zen. Emakumeak ez zuen nahi jazotakoa berriro errepikatzea, baina, aldi berean, bazekien oihartzuna izan zezakeela gertakariak lantegian eta ez zuen gogorik polemikaren erdian egoteko. Ondorioz, Eulen enpresako buruzagiarekin mintzatu zen eta azaldu zion sufritutakoa. Horrek, bere aldetik, giza baliabideen sailari jakinarazi zion: “Nik ez nuen nahi jendeak erasoaren berri izatea, baina azkenean Tubos Reunidoseko buruzagi bat jakinaren gainean jarri genuen eta hori harremanetan jarri zen giza bitarteko arduradunekin”.

Hori dela eta, enpresak erabaki zuen erasotzailea kaleratzea, eta gertakaria lantegian zabaldu zen. Berehala, emakumeak nabaritu zuen langile askok bizkarra ematen ziotela: “Nire lankideek utzi zioten nirekin hitz egiteari eta salatzera animatu ninduen buruzagia nire aurka jarri zen. Hasi zen esaten gertatutakoa nire errua izan zela, “oso irekia” nintzelako. Nik erantzun nion burua oso irekia nuela, baina hankak nahi nuenarekin bakarrik irekitzen nituela. Horrezkero, gure arteko harremana okertu zen eta ez zidan lan ordu gehiago eskaini. Bat-batean, arratsaldez lan egiteari utzi nion”.

Intoxikazio kanpaina 

Baina zailtasunak ez ziren hor amaitu. “Bat-batean, lantegian hasi ziren esaten ni dibortziatuta nengoela, eta erasoa asmatu nuela dirua eskuratzeko. Hori jakin izan nuenean, nazkatu nintzen eta lanaldia bukatu bezain pronto, Ertzaintzako komisaldegira joan nintzen eta salaketa jarri nuen”.

Erasotzaileak lantegian lanean jarraitzen du, erasoa jasan zuen emakumea kaleratua izan zen bitartean

Poliziak gizonezkoa atxilotu zuen eta galdetu zioten erasoari buruz. Orduan are gehiago gaiztotu zen giroa emakumearekin lantegian eta berari buruzko zurrumurruak eta gaizki-esateak biderkatu ziren: “Langile askok babestu ninduten, baina erasotzaileak bazituen lagunak eta horiek denetarik esaten zuten niri buruz. Adibidez, egun batean lankide batek galdetu zidan zer moduz nengoen eta negarrez hasi nintzen eta besarkartu nuen. Orduan hasi ziren esaten berarekin banuela zerbait. Denetarik asmatu zuten niri buruz. Aipatzen zuten emakume erreza nintzela. Hasteko, emakume batek edonorekin egoteko gogoak baditu, askatasun osoa dauka horretarako, baina nire kasuan 30 urtez egon nintzen ezkonduta eta dibortziatu nintzenetik ez dut bikoterik izan. Ondo nago horrela. Esaten zuten guztia gezurra zen”.

Presio horren guztiaren azpian, emakumezkoa geroz eta okerrago sentitzen hasi zen eta baja psikologikoa hartu behar izan zuen. Erabaki horren eskutik etorri behar zen sufrikarioaren korolarioa: “Euleni jakinarazi nion baja hartu nuela eta esan zidaten ez zegoela arazorik, baina bidaliko zidatela paper bat etxera eta sinatu behar nuela. Gehiegi pentsatu gabe, dokumentua sinatu nuen. Ez nintzen ohartu hori eginda, enpresak eten ahal zuela 5 urteko kontratua. Horrela, kale gorrian geratu nintzen”.

Azkenean, ekainerako langabezian zegoen. Hau da, 5 hilabeteko tartean, sexu erasoa, difamazio kanpaina eta kaleratzea jasan behar izan zituen.

Justizia eta injustizia

Gauzak horrela, epaiketaren eguna heldu zenean, emakumearen asmoa zen muturreraino eramatea salaketa, baina bere abokatuak ikusi zuen zein izango zen defentsaren ildoa eta aholkatu zion akordioa lortzea, berari buruzko adierazpen iraingarri gehiago ez entzuteagatik, izandako bizipenaren ondoren. Alegia, erasotzaileak argudiatu nahi zuen emakume erasotuak ez zekiela zer esaten zuen, dibortzioa gainditzeko medikuak Orfidala errezetatu ziolako.

“Azkenean, urtebeteko zigorra ezarri zion epaileak, eta ez zen kartzelan sartu. Niri 2.600 euroko kalte-ordainak kitatu zizkidan. Esan zutenei hau guztia diruagatik egin nuela, galdetu nahiko nieke, nora zoaz 2.600 eurorekin? Nik lanpostua galdu nuen gertatutakoa salatzeagatik eta erasotzaileak, aldiz, enpresan jarraitu zuen”.

Salaketa egin izanaz damututa ote dagoen galdetzen zaionean, ordea, emakumeak oso argi dauka: “Ez, ez naiz damutzen, inondik inora. Garai oso latza izan zen, lanik eta dirurik gabe geratu nintzen, baina nire kabuz lortu nuen aurrera egitea. Semeari gauza asko ezkutatu behar izan nizkion, baina nire duintasunari eutsi nion. Langabezian geratu nintzen, baina burua ez nuen makurtu”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide