Su Ta Gar taldeak elkartasunez saltoka jarriko du Amurrioko Burubio Aretoa

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 25a, 16:00

Martxoaren 4an Burubion arituko da Su Ta Gar, Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen alde. / Su Ta Gar

ANkerkeriari STOP plataformak Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aldeko ekimenak antolatu ditu datorren astebururako. Martxoaren 4an Su Ta Gar taldeak kontzertua eskainiko du Burubio elkartean. Hurrengo egunean pilota partidak egingo dituzte Amurrioko frontoian, Mikel Goñi arituko da bertan, besteak beste.

Elkartasun doinuek Burubio Kultur Elkartea hartuko dute datorren martxoaren 4an; ANkerkeriari STOP plataformak kontzertuak antolatu ditu Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazteen aurkako prozedura  judizialak eragindako kostu ekonomikoei aurre egiteko. Azken hilabetean antzeko jaialdiak egin dituzte Gasteizen eta Agurainen.

Martxoaren 4an, nork eta Su Ta Gar metal talde ezagunak jarriko dio musika eta ahotsa bi gazteen aldeko elkartasun ekimenari. Sarrerak otsailaren 27an jarriko dituzte salgai Amurrioko Txokogorri tabernan, 11:00etatik aurrera. Hori izango da sarrerak eskuratzeko toki bakarra.

2021ean ere, Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren aldeko elkartasun keinua egin zuen Su Ta Gar taldeak, urtarrilaren 16an ANkerkeriari STOP plataformak egindako manifestazio jendetsuaren osteko ekitaldian bi abesti joz:

Mikel Goñiren itzulera

Barbado eta Zelaiaren aldeko ekimenekin jarraituz, plataformak pala eta esku pilota partidak antolatuko ditu ere martxoaren 5ean, larunbata, Amurrioko Frontoian. Zenbait pilotari profesional arituko dira bertan, tartean Mikel Goñi. 17:00etan zabalduko dituzte frontoiko ateak, eta borondatea eskatuko da sarreran.

Hain zuzen ere, Goñiren frontoietara itzulera izango da martxoaren 5eko elkartasun pilotakada, hainbat urtez frontoietatik aldenduta preso egon ostean. Oronoztarra Koldo Iriarterekin batera arituko da Amurrioko frontoian, Landaluze eta Gonzalez bikote amurrioarra izango dute aurkari. Aurretik pala partida jokatuko dute Arregik eta Ibarluzeak Jimenez eta Murgaren kontra.

Ekimen gehiago

ANkerkeriari STOP plataformak ekimen gehiago egingo ditu asteburuan Amurrion prozedura judizialak eragindako gastuei aurre egin eta bi gazte arabarren egoera sozializatzeko. Elkartasun indabada egingo dute Txokogorrin 13:30etatik 15:30etara. Errazio bakoitzak 10 euro balioko du eta sakramentuak eta ogia banatuko dituzte ere. Iluntzean gau musikatua egingo dute Txokogorri herriko tabernan bertan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide