Aurrekontu parte-hartzaileen bozketa fasea abiatu du Amurrioko Udalak

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 28a, 13:00

Gaur aurkeztu dituzte bozketa fasearen nondik norakoak Txerra Molinuevo alkateak eta Ana Izquierdo parte-hartze teknikariak. / Amurrio Udala

Ostegunean hasiko da Amurrioko aurrekontu parte-hartzaileen kanpainaren azken txanpa. Aurkeztutako 32 proposamenen artean aukeratu beharko dute herritarrek, martxoaren 18ra arte luzatuko den bozketa fasean.

Martxoaren 3an abiatuko du Amurrioko Udalak aurrekontu parte-hartzaileen kanpainaren azken zatia. Inbertsio proposamen finalistak bozkatzeko aukera izango dute herritarrek, martxoaren 3tik 18ra luzatuko den bozketa fasean.

Udalak urrian abiatu zuen AmurrioEKIN kanpaina, hirugarren urtez aurrekontu parte-hartzaileak definitzeko helburuarekin. Guztira, 430.000 eurokoa izango da tokiko erakundeak egingo duen inbertsioa.

Bi multzotan sailkatu dituzte inbertsio proposamenak: 48.000 euro baino gutxiagoko aurrekontua dutenak eta 48.000 euro baino gehiagokoak. Lehenengoak 2022an exekutatu nahi ditu udalak, horretarako 215.000 euro bideratuta. Kostu handiagoko inbertsioak, aldiz, 2023an exekutatuko dituzte, beste 215.000 euro bideratuz.

Bozketa fasea

Gaur aurkeztu dituzte bozketa fasearen nondik norakoak Txerra Molinuevo alkateak eta Ana Izquierdo parte-hartze teknikariak. Bozketa martxoaren 3an, ostegunean, abiatuko dute, eta martxoaren 18ra arte egongo da proposamenak aukeratzeko tartea. 16 urtetik gorako Amurrion erroldatutako bizilagun orok izango du parte hartzeko aukera.

Udalak bozketa txartelak banatuko ditu etxez etxe, eta udaletxean, Bañueta kiroldegian eta Kultur etxean jarriko diren postontzietan utzi ahalko dira. Internet bidez bozkatzeko bidea ere zabalduko dute, AmurrioEKIN.eus helbidean.

Martxoaren 4an, 11n eta 18an erakustokia jarriko dute San Anton plazan. Bertan bozkatzeko aukera izango dute herritarrek, bai eta prozesuarekiko edozein zalantza argitzeko ere. Gainera, ostegunean -martxoak 3- bozketa fasearen aurkezpen orokorra egingo dute udaletxeko areto nagusian, 18:30ean.

Sei hilabeteko prozesua

Amurrioko Udalak urrian hasi zuen aurrekontu parte-hartzaileak osatzeko prozesua. Herritarren ekarpenak jaso ostean, antzeko proposamenak multzokatu eta lehenespen-fasea gauzatu zuten abenduaren 1ean egindako bileran.

Ana Izquierdo parte hartze teknikariak nabarmendu du aurtengo edizioan ekarpen kualitatiboak jaso nahi zituztela lehenespen-fase horretan: "Aurtengo edizioan metodologia aldatu dugu, azken fasera igaroko diren proposamenen arteko lehia sustatu beharrean, hauen inguruan eztabaidatu eta lehentasunak adosteko helburuarekin". Gauzak horrela, 32 dira bozketa fasera igaro diren proposamenak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide