ARTEM DEVESNY BONDARENKO

"Nire haurtzaroko lagun gehienak frontean egongo dira, ziurrenik"

Aitor Aspuru Saez 2022ko ots. 28a, 20:10

Artem Devesny ez da baikorra Ukrainako gerrari dagokionez. / Aiaraldea.eus

ARTEM DEVESNY BONDARENKO (Kherson, 1995) duela 15 urte etorri zen Euskal Herrira bizitzera eta Tubacexen lan egiten du, nahiz eta Trapagan bizi. Ukrainiako gerrak bere jatorrizko hiria eta familia jo du bete-betean eta horri buruz mintzatu da.

Nongoa zara eta zein da zure hiriaren egoera?

Ni Khersonekoa naiz. Han daude nire amona, osaba bere bi semeekin eta bere emaztea, haurdun dagoena. Inbasioaren egunean bertan atera ziren hiritik ihesean. Basoan etxe txiki bat daukate, datxa bat. Khersonetik 46 kilometrora daude, gutxi gorabehera. Zonalde hori Errusiak okupatu du jadanik eta egoera, gutxi gorabehera, lasaia da. Ura eta argindarra kendu dizkiete. Igandean itzuli zen, baina gaur esan digute berriro argindarrik gabe daudela. 

"Nire familia Khersonekoa da eta ihes egin du datxa batera. Argindarrik eta urarik gabe geratu dira"

Nolabait, lasaiago daude. Bonbardaketak eta tiroketak entzuten dituzte, baina leku isolatu batean daude. Hemen baserri batean egongo balira bezala. Edonola ere, gure familia osoa Khersonekoa da, gure familiako etxea han dago eta ez dakigu nola dagoen. Senideak inkomunikaturik daude. Deiak egiteko aukera daukate soilik eta Interneta noizean behin dute. 

Izan ere, telefonoa autoaren bateria bidez kargatzen dute eta ez daukate gasolina gehiago. Bukatzen denean, ez dugu izango komunikatzeko modurik. Zorionez, bizilagunak elektrizitate sorgailua dauka. Une hauetan goizero gaude euren mezuaren zain, jakiteko bizirik eta onik daudela.

Bestalde, Vinnitsan nire osaba dago, bere semeak bederatzi urte ditu eta emaztea haurdun dago. Horiek gehiago sufritu dute. Bonbardaketak hasi zirenean, etxean zeuden; kristalak lehertu ziren eta etxea dardarka hasi zen. Umea hasi zen korrika etxetik, ez baitzekien zer gertatzen zen. Mahai azpian babestu ziren. Bonbardaketak goizeko 4:00etan hasi ziren eta eurek 9:00ak aldera ihes egin zuten.

"9 urte duen lehengusu batek armak eskatzen dizkio aitari errusiarrak hiltzeko, belaunaldi bat gorrotoan haziko da eta hori etsigarria da"

Nire izebak hilabete eta erdiren buruan erditu behar du, eta herri txiki batean babestu dira. Han ez dago ezer, ez ospitalerik, ez ezer. Erdi lasai daude, aire bonbardaketen alarmek jotzen dutenean gotorleku batean sartzen dira. Nire birraitonarena zen etxea eta berak II. Mundu Gerran eraiki zuen. Zulo txiki bat da, baina gutxienez babestuago daude. Gutxi hitz egiten dugu eurekin, edozein unean hanka egin beharko dute.

Vinnitsa oso zonalde abertzalea da eta Errusia gogor kolpatzen ari da. Albisteetan ez da ezer agertzen, ezta Ukrainian ere. 

Ama eta biok oso larrituta gaude nire izekoren egoeragatik. Mina dauka eta shockean dago. Ez dakite zer gertatuko den; ospitalean erdituko duen, etxean, leku ezezagun batean korrika joango direlako... Egoera oso txarra da.

Gainera, nire izeko-amama gaixorik dago eta ezin dute ihes egin hain erraz. Ez digute asko kontatzen eta guk ez ditugu sakatu nahi.  Umea shockean dago. Babesleku bat egin nahi du eta aitari eskatzen dio arma bat errusiarrak hiltzeko. Hori entzutean arima hunkitzen zaigu. Gutxienez, dauden lekua ez dute bonbardatu. 

Khersonen borrokak egon dira. Zerbait dakizue horri buruz?

Ez dakigu ezer. Senideei galdetzen diegu, baina eurek ere ez dakite ezer. Jakin badakigu sarrerako zubian borrokatu zirela indar ukrainiar eta errusiarrak, baina ez dago argi zer gertatu den. Antza, errusiarrek hartu zuten hiria eta gero indar ukrainiarrek berreskuratu zuten eta horrela mantendu da. Hala ere, Kherson bonbardatzen ari dira eta ez du luze iraungo. 

"Badirudi Kherson berreskuratu zutela indar ukrainarrek, baina ez du luze iraungo"

Dnieper ibaiaren beste alde osoa errusiarren esku dago eta handik bonbardatzen dute. Gatazkaren bideoren bat bidali digute. Zubiaren beste aldean, hain zuzen, nire aitaren ama bizi da, eta orain harremana ez badugu ere, handik asko ibiltzen nintzen umea nintzenean. Auzo horretatik dago grabatuta bideoa eta ikustea nola dagoen orain... Nik ez dut sinesten, ezta nire familiako inork ere. Ezin dugu sinetsi. 

Luze hitz egin da erasoari buruz eta askok uste zuten ez zela gertatuko. Nola jaso zenuten ostegunean albistea?

Shockean. Lanera deitu ninduen amak esateko. Berez, guk bagenekien Putin noizbait Donbassen sartuko zela. Hori denok genuen argi, baina haraino, ez gehiago, Krimean bezala. Baina psikopata honek -ez daukat beste hitz bat deskribatzeko- erabakitzea herrialde osoa inbaditzea, hori ez genuen inork espero. 

Amak deitu ninduenean negarrez hasi nintzen. Galdetu nion gure senideei buruz eta jakin izan nuenean nire osabarena, ni bezala Artem da bere izena, bihotza txiki egin zitzaidan.

Jadanik latza da bizitza Ukrainan, eta nire osabak berriki erosi zuen etxebizitza, eta orain litekeena da etxea birrinduta egotea, bere emazte hardunarekin eta bere semearekin ihes egiten duen bitartean. Ume belaunaldi hori gorrotoan haziko da eta horrez gain, auskalo gerrak zer nolako orbainak utziko dizkien. 

"Senideen mezuen zain gaude egun osoa"

Horren aurrean sentitzen duzun etsipenak, ezin baituzu ezer egin, akabatzen zaitu. Egun osoa gaude euren mezuaren zain, jakiteko ondo daudela. Horrela egunero, inbasioa hasi zenetik. 

Amona hona ekartzen saiatzen ari gara, baina ezinezkoa da, inguratzen duen lurralde guztia hartu dute errusiarrek. Irtenbide bakarra izango litzateke Errumaniako mugara joatea, baina Khersonera joan beharko litzateke eta han borroka dago. 

Egin dugu saiakera ere nire osaba hona etortzeko, baina ez du nahi. Oso abertzalea da. Alde batetik, ulertzen dut, ez baitu bere herria utzi nahi. Ni aspaldi bizi naiz hemen, baina euren bizitza eta etxea han daude. Berak esaten digu ea zergatik utzi behar duen bere herrialdea. Behin eta berriro proposatu diogu etortzeko hona, edo behintzat bere emazte haurduna etortzeko, baina bere erantzuna da gure herrialdea maite duela eta ez dela joango.

Inbasioaren sorburua da, nolabait, Donbasseko gatazka. Zuek nola bizi izan duzue hori 2014tik?

Gure familian ez du aparteko eraginik izan, eremu hori urrun baitago, baina Maidana eta Donbaseeko gatazka piztu zirenetik, gerra etengabea izan da zonalde horretan. Ez da hedabidetan agertzen, baina Ukrainako eremu horretan egunero esnatzen dira tiroketak entzuten. Zorionez, nire senideek ez dute bizi izan behar.

"Maidana eta Donbasseko gatazka piztu zenetik, gerra etengabea izan da zonalde horretan"

Hala eta guztiz ere, argi zegoen hau horrela amaituko zela, baina ez Ukraina osoan. Alde batetik, ezustea izan da, baina bestetik, Vladimir Putin ezagututa, ez litzateke horrela izan behar. Bera boterean dago aspaldi eta ezin zaio utzi hain herrialde handia eta indar armatu hain boteretsua burutik sano ez dagoen pertsona bati. Oraindik ezin dut sinetsi hau.

Maidana eta Krimeako independentzia nola bizi izan zenuten?

Nire familia oso arduratuta zegoen. Hasteko, gu ukrainarrak gara eta ez errusiarrak, baina oso nahastuta gaude. Guztiok. Inork ezin du esan "ni ukrainarra naiz soilik". Esaterako, nik errusiarra eta ukrainarra hitz egiten dut. Are gehiago, ukrainarra ahazten ari zait eta ez hainbeste errusiarra. Familia osoak hitz egiten du. 

"Ukrainarrak eta errusiarrak oso nahastuta gaude, inork ezin du esan 'ni ukrainarra naiz soilik'"

Banaketa horrekin gorrotoaren hazia jarri dute herritarren artean. Nire familian, adibidez, nire osaba Artem oso abertzalea da, baina familiaren beste aldea ez horrenbeste. 

Batzuek errua botatzen diote Errusiari eta beste batzuek gogoratzen dute Sobietar Batasunean guztiok ginela anaiak. Talkak gertatzen dira eta infernua bizi da zenbait lekutan.

Esaterako, Donbassen errusiarzale amorratuak Donestkeko populazioaren erdia dira, beste erdiak nahikoa dauka bizitzearekin eta ez du nahi gatazkarik. Ordea, gatazka sortu du herrialdean inbasioa egin duen pertsonak. 

Politikak gelditu ditzake armak negoziazioen bidez?

Alde batetik, gauzak dauden moduan, elkarrizketek ez dute emaitzarik emango. Errusiak exijitzen dituen baldintzak ez ditu onartuko Ukrainak. Edonola ere, presidenteak onartuko balitu, jendeak ez luke egingo. Ukrainarrak ez dira errusiarrak eta ez dute onartuko Errusiako pasaportea. Ondorioz, hori gertatzen bada, gerra zibila gerta liteke. Ez dut uste gertatuko denik, nire ustez presidenteak ez baitu onartuko. 

"Ukrainak ez dauka armadarik Errusia menperatzeko"

Armen bideak badakigu non bukatuko duen. Ukrainak ez du armadarik, are gutxiago Errusia bezalako indar baten kontra. Bakarrik gaude, inork ez gaitu lagunduko, ez NATOk ez Estatu Batuek. Bestalde, modu hotzean pentsatuta, zer gertatuko litzateke NATO sartuko balitz? Gerra zabalduko litzateke nonahi.

Nik ez dut konponbiderik ikusten. Espero dut gertatu behar dena ahalik eta lasterren izatea. 
Modu berekoian hitz eginda, nik nahi dut axola zaidan jendea Ukrainatik ateratzea. Herrialdeak ez dauka aukerarik. Vladimir Putinen aurrean ez dago irtenbiderik eta ez da geldituko Ukraina Errusiaren parte izan arte. Hori horrela da.

Zure haurtzaroko lagunei buruz zerbait dakizu?

Gehienak frontean egongo dira. Nire osabak aipatu digu beharrezkoa izanez gero, bera ere joango dela. Oraindik ez bada joan izan da bere emazteak eta amak ez diotelako utzi. Oro har, oso gutxi dakigu eta gure senideek lau hitzekin erantzuten digute, bateriarik gabe ez geratzeko.  

 

Nolakoa da ukrainarra izatea diasporan orain?

Orain beldur naiz, familiagatik eta etorkizunagatik. Amorrua eta gorrotoa ere sentitzen dut, baina ez Errusiaren kontra.

Ez da errusiarren errua, pertsona bakarrak aukeratu du hau egitea eta errusiar asko ez daude ados, baina diktadura batean bizi dira. Vladimir Putin da arduradun bakarra.

Askotan pentsatu dut, emaztea eta ume bat bidean izango ez banu, hara joango nintzatekela. Baina ez herrialdeagatik edo abertzalea sentitzen naizelako, baizik eta nire familia hor dagoelako, eta nahi dudalako ateratzea eta ondo daudela jakitea. Baina orain familia bat daukat hemen eta horrek baretzen nau.

Sentipen gogorrena da beldurra. Esnatzea eta Whatsapp mezurik edo deirik ez jasotzea. Ostegunean amonari buruzko azken albistea 16:00etan izan zen eta hurrengo egunera arte ez genuen gehiago jakin. Sentsazio hori ezin dut ezta deskribatu. 

Zerbait nabarmendu nahi duzu?

Jendeak aintzat hartu behar du komunikabideetan bakarrik agertzen dela gertatzen ari denaren zati txiki bat. Hori sarraskia izatean ari da eta hasi baino ez da egin. Halaber, Errusia ez da bere indar osoarekin sartu. Badaki jende gehiegi hiltzen badu inork ez duela babestuko, baina egingo du.

Ukrainak azken urteotan saiakera egin du Europar Batasunean edo NATOn sartzeko eta ezezkoa jaso du Vladimir Putinek beldurra eragin duelako. Putinek aurka egin du beti eta horrek sortu ditu Maidana eta Donbasseko gerra. 

Nik badakit hemendik inork ezin duela ezer egin, laguntza humanitarioa eta armak oso ondo daude, baina horrek ez du ekidingo jendearen heriotza. Hortaz, nik bakarrik espero dut hau ahalik eta lasterren bukatzea. Berdin dit nola, baina bukatu dadila. Gauzak horrela, jende arruntak ordaintzen du, gerra guztietan bezala. Inork ez daki bihar zer gertatuko den, zer gertatuko den bere emazte haurdunarekin, etxea duzun edo ez... Hori guztia amaitu behar da. Jendeak ez du merezi eta Ukrainan bizitza jadanik latzegia da, ez dugu merezi hilarri bat buruaren gainean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide